Koronabirusa

Erronka erotiko-pandemikoa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2020ko api. 4a, 19:59
Ilustrazioak: IBAI LUQUE

Koronabirusa Rosalia berria da. Ezerezetik irten eta mundua bereganatu du; edozein unetan, edonon, edonola, zein aldaketa eragin dituen entzuten ari gara. Mundua neurrien aldekoen eta aurkakoen artean banatu dezakegu, baina guztiok ados gaude bere agerpenaren garrantziarekin. Gaur egun Rosalíak jarraitzen du bere garrantzia izaten, baina beste artistek fokutik aldendu dute; eta halaxe gertatuko da COVID-19arekin. 

Ondorioak? Rosaliaren abestienak baino askoz ere latzagoak, zalantzarik gabe: heriotzak, krisi ekonomikoa… baita ere kutsadura maila jaitsierak, «Uf, oporrak behar ditut» leloarentzat behin-behineko irtenbide bat, denbora hobeto kudeatzeko aukera bat… Eta erotikan, zein ondorio izango ditu Koronabirusak eta berrogeialdiak?

Sexualitateak zerbait baldin badu aniztasuna da eta, isolamendu honi dagokionez, konfinamendu aniztasuna ere ugaria da. Ez da berdina bikote gabe egotea edo bikotea izatea, edota bikotea izan eta elkarrekin ez bizitzea; egoera bakoitzak bere azterketa merezi du, eta behar bakoitzaren araberako ekintzak.

Bikotearekin bizi direnak

Bikote baten garapenean badaude momentu benetan erabakigarriak elkarrekin bizitzera joatea, seme-alabak izatea… eta bizitzen ari garen hau horietako bat da, zalantzarik gabe. Hartu beharreko lehen erabakia: kontaktu fisikorik egongo den ala ez. Kontuan izan behar dugu osasun arloko profesionalek kontaktu zuzena izan dezaketela bai kutsatuekin eta baita arriskupeko biztanleriarekin ere. Ondorioz, bikotearekin inongo kontaktu fisikorik ez izatea erabaki dezakete, etiko izatearren. Zure bikotea zaindaria, medikua, erizaina edo antzekoren bat bada, agian zure atala hurrengoa da. Inkubazio denborak, asintomatitatea eta guztiaren gainetik zure bikotearekin kontaktua izatea badago, benetako gakoa elkarbizitzan kokatuko da.

Konfinamenduak izugarrizko erronka bat suposatzen digu: gure bikotearekin 24 ordu pasatzea, eta, erronkarik erronkena, egun bat baino gehiago izatea, eta jarraian gainera. Gaur egun norberak bere lorategia zaintzearen metafora hori oso barneratua dago gehiengoarengan eta bikotea gure padel edo ingelesa klaseekin eta lagun bilkurekin uztartzen dugu. Berrogeialdi egoeran arauak aldatu egiten dira: jolas eremua eta baldintzak zeharo txikituta aurkitzen dira, eta honek ia etengabeko elkarbizitza suposatzen du. Agian beti nahi eta eskaini ezin diogun denbora hori eskaini ahal izango diogu azkenean gure bikoteari, agian atsedenik gabe aurrez aurre egoteak liskar eta eztabaida gehiago dakartza. Zer esanik ez ekuazioan haurren bat sartzen bada; haur bakoitzeko gatazka probabilitatea esponentzialki hazten da. Hala bada, buelta bat ematera edota gimnasiora joatearen mekanismoak guztiz deuseztatuta daudelarik, distrazioa ordenagailua, etxeko ariketak… edota aurre egitea geratzen zaigu. Asertibitatea frogan jartzeko aukera bikaina da isolamendu honena: azkar eta garbi esanda, esan nahi duzuna esatea, baina modu egokian. Orokorrean elkartzen gaituen horretan zentratzen saiatu behar gara, eta egunerokotasunean gako txiki asko daude magia hori berreskuratzeko.

Elkarbizitza ziurtatuta dagoelarik, elkarrekin bizi den bikote baten erotika ez da ohikotik asko aldatuko. Haurrak etxean egonda agian pintura edota judo zuten tartetxo horiek galtzen dira, baina, era berean, ohiko errutina itogarritik kanpo, bikoteari eta erotikari denbora gehiago eskaini ahal izango dionik ere egongo da. Berrogeialdiarena aukera bikaina da bikote erotikaren analisi txiki bat egiteko. Gustura gaude egiten dugunarekin? Bada probatu nahi dugun zerbait? Hau da momentua. Bikote erotika ere garatu egiten da denboran barrena, eta gauzak aldatzea ez da porrot seinale bezala hartu behar; kontrakoa, aberastasun eta eguneratze ikur bezala.

Oharra. Polimaitasunaz hitz egiten badugu, neurriak berdinak izan daitezke. Kontuan izan behar dena da gero eta pertsona gehiago, orduan eta kutsadura foku gehiago sortzen direla, besterik ez.

Bikotearekin bizi ez direnak

Kontakturik gabeko erotika zerbait pentsaezina zen antzinako garaietan. Uso bidez maitasun karta goriak bidaltzea aukera bat zen, baina ez dago inongo alderik gaur egun ditugun abantaila teknologikoak kontuan izaten baditugu. Sexting-a ingurune birtual batean eduki testu, irudi, bideo erotikoak partekatzea da, hartzailea berotzeko asmoarekin. Mezuek, argazkiek, bideoek, bideo-deiek… asko lotu gaitzake gure bikotearekin isolamendu egoera honetan. Gaur egungo gazteen artean pil-pilean daude praktika hauek, aukera bikaina dugu arrakasta horren zergatia gure azalean probatzeko. Bestalde, Sex Shop-ak ez, baina banaketa zerbitzuak martxan jarraitzen dute honako argitalpena inprentara bidali bitartean, behintzat-. Badaude online erosi daitezkeen jostailuak, ohiko erabileratik harago, Bluetooth bidezko lotura bat eskaintzen dutenak, app baten bidez bikotearen jostailua kontrolatzeko.

Bikoterik ez dutenak

Azkenean norbere buruarekin lasai egoteko une bat! Egunerokotasunean gure gorputzari eskaini ezin dizkiogun mimoak emateko momentua izan daiteke hau eta esploratzeko aukera aparta. Masturbazio hutsetik harago laztanekin jolastu daiteke, puntu erogenoen bilketa samur batean asko harrituko lirateke benetan horretara jarriko balira eta fantasiak aske utzi. Pizgarri bisualen bat beharrez gero pornografia inoiz baino eskurago dugu: mainstream plataforma dezentek beraien Premium harpidetzak doako bihurtu dituzte krisi honekiko solidaritatea adieraziz, edota momentu ona izan daiteke ohiko pornoa alde batera utzi eta gauza berriekin esperimentatzeko: porno feminista LustFilms, FrolicMe, VersoCinema, praktika berritzaileak, aktore aniztasuna…

Hau bezalako egoera batean oso erraza da sentimendu arrotzak geureganatzea tristezia, haserrea inongo jatorri zehatzik gabe. Erotika jolas eta atseden aukera bezala planteatu daiteke egunerokotasun berri honetan eta gogoratu, sexualitatearen gakoa aniztasunean dago. Horrela, aurrez aipatutako proposamen guztiak moldagarriak dira kategoria guztietara: bikotea etxean duena ere masturbatu daiteke bakarrik zein bikotean, edota bikote gabe dagoenak baditu plataforma desberdinak sarean ezezagunekin Sexting saioak izateko. Bikoteak jolastu daitezke bakoitza gela ezberdin batean sartu eta bideo-dei bero bat egiteko edota afaria prestatzen ari diren bitartean jostailua eta bere kontrola martxan izanez. Zer esanik ez, bikoteek genitalitatea alde batera utzi eta laztan saioak egin ditzaketela elkarrengana beste modu batetara gerturatzeko; nahi izanez gero kandela eta intsentsuarekin, masaje bat jasoaz... Rosaliaren erritmora, agian?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!