Modapean

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alberdi 2019ko urr. 20a, 05:58

Bueltatu dira ohitura txarrak. Lo hartzeko zailtasunak eta sabaiari begira igarotako orduen pareko minutu infinituak.

Lehen hartutako kamamilak komunera joateko beharra izan du efektu bakarra. Eta ardiak kontatzeaz nazkatu naiz, oraindik eta esnago sentitzen naiz eta. Baina gaur ez da lo ezin harturik nagoela igarotzen dudan lehen gaua. Badira hilabete batzuk horrela nabilena. Badira hilabete batzuk borrokarekin bat egin nuena.

Bai, badira hilabete batzuk nire etorkizunaren alde egitea erabaki nuela eta planetari laguntzeak nire arreta guztia bereganatu zuela. Baina zenbat eta gehiago murgildu, zenbat eta gehiago saiatu ohitura txarrak aldatzen eta aukeraketak ezagueraz egiten, orduan eta zailtasun gehiago aurkitzen ditut. Eta horietako bat moda da.

Beti esan izan da gure gizartea kontsumista dela: kontsumista eta kontsumo errazaren aldekoa. Multinazional baten dendan sartu eta bertako hamar euroko niki bat erostea baino gauza errazagorik ez baitago.

Fast fashion deitzen zaio, modaren McDonald's-a ZARA kontsideratuz. Baina janari lasterraren ondorioak denontzako ezagunak diren bezala, kontsumo honen ondorioak orain arte ezezagunak izan dira guretzako; besteak beste, 14 orduz lan egitearen truke soldata ziztrin bat eskuratzen duten umeei esker lortzen direla hainbeste gustatzen zaizkigun prezio baxuak, eta erabili behar dituzten materialek planetan dutela eragina. Plastikoaren inbasioak ez duelako moda alde batera utzi.

700.000. Hori da arropa-garbigailuak askatzen duen mikroplastiko kopurua garbiketa bakoitzero. Gure arropak ere plastikoa duelako osagai, poliester edo akriliko, bietako edozein izan daiteke. Baino azken batean, plastiko. Eta horrela, poliki-poliki, zuk erositako niki horretatik itsasora joango da, ikusezinak diren milaka zatitan.

Eta horrela, poliki-poliki, jabetzen naiz ni, gure planetaren aldeko borroka aurrera eramateko oztopoek zer nolako tamaina duten. Baina aurrera jarraitu beharra dago, kontsumitzeko jarrera ezberdin baten bila. McDonald's-aren aurrean formula berdina duten, baina osasuntsuak diren jatetxeak eratu ziren bezala. Ohe ondoko mahaitxoko erlojuaren orratzak, biharko nire lo-gurearen adierazle direnak, gelditu gabe aurrera doazen bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!