Azken traka

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2021ko eka. 11a, 20:58

Ez da erraza, ez da erraza zure bizitzako lehen iritzi artikulua idaztea. Perfekzioa eredu eta akatsak zigor izan diren hezkuntzako ikasle, nola idatzi zientzietako batek eskualdean irakurriko diren hitzak. Alabaina, ez da erraza ere, dena egitera iritsi behar den gizarte honetan azkena izan daitekeen artikulua hitzez jostea. 

Lehenengoan beldurra eta lotsa, azkenekoan ordea tristura eta zalantza. Baina gaztelerazko esaldi batek dioen moduan, «denboraz eginiko erretiro batek mila lorpen baina gehiago balio du». Ez dakit Ataria-ko nire ibilbide laburra idazle afizionatu gisa lorpen bat izan den, ez dagokit niri hori epaitzea, baina ezin ukatu maila pertsonalean hala izan dela, eta betiko leloan denak aspertu aurretik ni ere banoa.

Gaurkoan beraz, agur guztien lege, eskerrak ematea tokatzen zait, eta ez dira gutxi eman beharrekoak. Eskerrik asko nire artikulu guztiak argitaratu aurretik irakurri dituen lagun Maitaneri, eskerrik asko nire idatzietan protagonista izan zaretenoi, eskerrik asko irakurle guztiei eta batez ere zuen iritzia eman didazuenei, orri zurien aurrean helduleku izan zaretelako, eta nola ez, eskerrik asko Ataria-ri, aukera hau eman izanagatik eta landa eremuko gertakizunak eskualdeko notizia egiteagatik, txikiei merezitako garrantzia emanez.

 

Ez dakit 'Ataria'-ko nire ibilbide laburra idazle afizionatu gisa lorpen bat izan den, ez dagokit niri hori epaitzea, baina ezin ukatu maila pertsonalean hala izan dela, eta betiko leloan denak aspertu aurretik ni ere banoa


Eta, dagoeneko esan beharrekoak esan baditut ere, ez naiz joango nire sinadura bota eta esan gabe, ez dudala laborategian ekoiztutako haragirik jango, behi esnea ez dela gaixotasun guztien eragile, behiek ez dutela autoek bezainbeste kutsatzen, Caparrosoko behitegia ez dela sektorearen eredu, marka guztiak ez direla ekologikoak, aitzurrak xiringak bezain beharrezkoak direla eta baserritarrak erizainak bezainbeste, kalitatezko elikagaiak direla gaitz guztien aurkako bakuna, herri txikiak handien inbidia izan daitezkeela, emakumea dela bere bizitzaren burujabe eta emakumea dela lorpen askoren autore, eta nola ez, kontsumismoa zentroa duen erosketekin politika egin eta gauza asko erabakitzen direla. Hau da, ez dakizuen ezer ez, baina, ahaztua gera ez dadin, azken aldiz.

Beraz, gehiago luzatu gabe, eskerrik asko eta hurren arte!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!