Atzeko atetik ongi etorria

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2020ko mai. 29a, 11:59

Gaur egun, gure sektorean, pisu eta garrantzi handia hartu du animalien ongizateak, supermerkatu zein marken eslogan gogokoena bihurtuz. Baina saltzeko amua ez ezik, benetan garrantzi izugarria duen atala da. Izan ere, zientifikoki frogatu eta egiaztatu da animalien ongizatea bermatuz, hauen ekoizpena hobetu eta antibiotikoen zein bestelako medikamentu sintetikoen erabilera murrizten dela, antibioerresistentziaren aurkako borrokan ezinbesteko tresna bihurtuz.

Adar zientifiko honen oinarria sinplea da; immunitate sistema indartsu bat izateko animaliek ongizate maila altua izan behar dute. Eredu sinple gisa, mastitisarena; osasun-arazo hau errapeetako infekzioa da eta esnea ekoizten duten animalia zein gizakietan guztiz ohikoa da. Kasu gehienetan erro edo titi-buruetan bizi diren bakterioek sortzen dute infekzioa. Animalia, bere defentsei esker, nolabaiteko oreka batean bizi da erasotzaile hauekin, oreka hau puskatzean ordea, izaki mikroskopiko hauek aukera aprobetxatu eta biderkatu egiten dira arazoak eman arte. Eta, zergatik apurtzen da oreka? Erditzeak, esne ekoizpenak, lo ezak, eta abarrek ekarritako nekeak gorputzarengan sortzen duen estresagatik eta honek eragin zuzena du izaki bizidunen immunitate sisteman, porru eginda uzten baitu, hortik, prebentzio gisa, ongizatean oinarritzearen garrantzia.

Nahiz eta Espainiako estatuak Covid-19ari aurre egiteko adituen batzordean albaitaririk ez sartu, sinistu ez dagoela horrelako alderik gizakiaren eta animalien artean. Covid-19ko adituek, ordea, ez dute «Gizartearen ongizatea» bezalako esloganik bereganatu, horren odez «bi metroko segurtasun distantzia» eta «maskarak erabiltzeko betebeharra» bezalakoak hartu ditu.

Pertsonalki, ezarritako neurrietan sinetsi nahi badut ere, nire ezagutzak zalantzak izatera eramaten nau. Neurri hauekin, eta beste batzuen gabeziarekin, txerto miragarriaren zain gauden bitartean, atzeko atetik ahaztu ditugun gainontzeko izaki mikroskopikoei ongi etorria emango diegunaren beldur naiz; izan ere, oraindik ez da frogatu zientifikoki maskaren efizientzia, baina gure artean, dagoeneko frogatu da hauen erabilerak sortzen dituen kalteak; buruko mina, itolarria eta izugarrizko beldurra besteak beste, eta modu laburrean lehenago aipatutako estresa. Horrez gain, bi metroko distantziak mantendu behar ditugu gure artean, eta haurrekin kontaktua saihestu behar dugu. Niri dagokidan esparruan, animalia gazteenen immunitate sistema garatzeko, hauek animalia zaharrenen taldean sartzen dira hauekin kontaktu zuzena izan eta bizitzan bidelagun izango dituzten birus eta bakterioekin lehen harremana izan dezaten. Neurri honi esker, animalia gazteen immunitate sistema birjinak antigorputzak sortzen ditu (bakunek egiten dutena) aurrerago erasotzaile mikroskopikoen aurka borrokatu eta ez gaixotzeko. Gure kasuan ordea, ezarritako neurriekin ez dakit gure gorputzek nola erantzungo duten normaltasunera itzultzean, izan ere, oraindik, ez dut identifikatu hartu diren neurrietatik, zein arduratzen den gure immunitate sistema indartzeaz.

Espainiako jakitunen taldean ez dago albaitaririk eta ni ikasketaz hala naiz, Alemaniako Covid-19ko batzordeko buru den Lothar Wieler doktorea bezala

Baina irakurle, berriro diot, Espainiako jakitunen taldean ez dago albaitaririk eta ni ikasketaz hala naiz, Alemaniako Covid-19ko batzordeko buru den Lothar Wieler doktorea bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!