Koronabirusa

Saiakera

Erabiltzailearen aurpegia

(Izarne). Bakarrik egoteko esan ziguten, eta taldean gaude. Distantzian, norbera bere etxean, baina ingurukoen konpainian, online. Sare sozialak bor-bor dabiltza eta ekintzak elkarrekin egiten hasi gara: lagun taldeetako bideo deiak, arratsalderoko kirol saioak, balkoietako musika emanaldiak, errezetak, erronkak, poteo birtualak... Bada, artikulu hau, itxialdiko talde fenomenoari jarraituz, taldean idatziko dugu, banan-banan katea osatuz eta norberak beretik emanez.

(Goiko balkoiko bizilaguna). Bakarrik egoteko, egoteko. Egon: espazioan posizio bat izan. Iraun. Egonaldian egin eta egin gabiltza, ordea. Esan ziguten eta esaten digute ere, itxurakeria bada ere, pozik egoteko. Are gehiago, sareetan. Online. Eta, are nabarmenago orain, horren ON gauden honetan, ezin OFF egon… (Goiko balkoiko bizilagunaren bizi-laguna). Eta hemen gaude, ATARIA ON mantentzen. Nahikoa lana badute gure lagun hauek aurrera egiten, mundua geldirik dagoen egun hauetan. Online eta paperekoan. Pozik egoteko modukoa da haien ekarpena. Jarrai dezatela berdinegiak diren egun hauek guztiak kolore ezberdinez margotzen!

(Etxetik etxera dabilen laguna). Norbere etxean gelditzeko esan ziguten, baina batzuei beste batzuen etxean egotea tokatzen zaigu. Nola azaldu ezin garela etxetik atera eta zer gertatzen ari den? Hala ere, egunez egun egutegiari egunak kentzen goaz irribarrez, beraiek bai txapeldunak! Ni beraien etxean geratzen naiz! (Pare bat egun lehenago munduratu zen laguna). Beste batzuk, berriz, etxetik etxera komunikatu nahian gabiltza. Komunikatzeko modurik egokiena topatu nahian. Itxialdi honek, ordea, argi utziko duen gauzetako bat horixe izango da; komunikatzeko modu naturalenak ez duela parekorik, pantaila batek inoiz ezingo duela zuzeneko komunikazioa ordezkatu.

(Usoa). Asteak dira ez dudala ogi apurrik aurkitzen kalean, gose naiz. Zure leihotik ikusten banauzu, bota iezadazu atzoko ogi zati bat. (Udaberrian loratu zen laguna). Gerturatu leiho ondora; atseden leku, lantoki, jatetxe, dantzaleku nahiz zinema topatzen badituzu ez larritu, orain arteko bizileku eta kide berdinak gaituzu aurrean, itxialdiko askatasunean, orainarekin elkarrizketan baina geroaldiko besarkada izendatuak zenbatuz atzamarretan.

(Bikote+kidea). Munduaren zilborra ginelakoan, gu gabe zein ondo dabilen onartu behar. Gu aske izateko lotu genituen besteak, eta gu etxeko kaiolan sartzean hasi dira beraiek sentitzen aske. Animaliak gerturatzen, urak garbitzen, bakoitza kendu genion tokira itzultzen. Gu gaixotu behar mundua senda dadin.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!