Asperger

Erabiltzailearen aurpegia

Isilik sartu da gelara eta betiko tokian eseri da. Eskuetan urduritasuna nabari zaio. Egunero bezala, hitz egiterakoan ez dit begietara begiratu. 

Badaki aspergerrari buruz hitz egiteko bildu garela eta, zuzenean, horrela hasi da: «Asperger sindromea autismo mota bat da. Horrek esan nahi du komunikatzeko zailtasunak ditugula».

Estimuluz betetako gizarte honetan gauzak ordenatzeko zailtasuna izatea, gaitasun sozial murritzak eta jokaera errepikakorrak izatea dira, besteak beste, Asperger sindromearen ezaugarri nagusiak. Baina, fikziozko telesailetan ikusi ditugun estereotipoetatik harago, espektroaren aniztasun eta ertz guztiei begiratu beharko genieke, gizarte inklusiboago batean sinetsiko badugu.

Horregatik, garrantzitsua da fikzioak eta, oro har, gizarteak sortutako mitoak desmitifikatzea. «Adibidez, guztiak zientzietan azkarrak garela uste da eta ez da egia. Guztiak ez gara Sheldon Cooper».

Horrez gain, «bakarrik eta aspertuta» bizi direla uste da, beraien mundu «frikian» barneratuta. Baina ez gaitezen nahastu: bakarrik egotea gustatu egiten zaie eta jendearen hartu-emanak interesik pizten ez dien arren, komunikatzeko gai dira. Oso hizkuntza literala dute, zentzu bikoitz eta metaforarik gabea eta hizkuntzaren erabilera soziala (bolumena, intonazioa…) kontrolatzea kostatzen zaie, baina horrek ez du esan nahi ingurukoekin komunikatzen ez direnik.

«Ez gara maniatikoak, baizik eta errutina mantentzeak lasaitasuna ematen digu». Benetan garrantzitsua da egunerokotasuneko ekintzak berdin jarraitzea, edozein aldaketa txikik desoreka handia suposatzen dietelako. «Aldaketekin galduta sentitzen gara. Orden guztia deskontrolatzen zaigu eta horrek antsietatea sortzen digu, gauzak berriro ordenatzea kostatzen zaigulako».


Sartu bezain isilik atera da gelatik, aurpegian irribarre batekin. Pozik joan da, baina, beste behin, ni izan naiz berarengandik gehiago jaso duena, Asperger sindromedunen komunikatzeko zailtasunak medio, gure aurreiritzi eta beldurrak baitira bion artean paretak eraikitzen dituztenak.

Aspergerraren nazioarteko eguna ospatuko da otsailaren 18an, bejondeizuela harresiak erausteko ahalegina egiten duzuenoi.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!