Feminista eskasa, baina feminista

Erabiltzailearen aurpegia

Oraindik suma dezaket hortzak estutzen nitueneko kirrinka, eta gorputzean gartu zitzaidan amorrua, mutil horiek gerturatu zitzaizkigunean.

Kuadrillako baten ezkon aurreko festa ospatzen ari ziren Tolosan, parranda giro betean. Konturatzerako begirada gogaikarri eta hitz lizunak jaso genituen, inguruan geunden zenbait neskek. Hala, batzuk poltsa eskuartean babestu zuten, jende arrotza gertuegi sumatzean sortzen zaigun beldurraren inertziaz; baina gau hartan, beste behin, kartera baino zerbait gehiago ostu ziguten.

Emakumeon espazio pertsonala urratzen duen eta emakumeak gizonezkoen apetak asetzeko objektu gisa tratatzen dituen gaixotasun kulturalaren sintoma dira horrelako hamaika egoera deseroso. Emakumearekiko jazarpenak eta erasoak sustraituta egoteak, nolatan bihurtzen ditu, oraindik, egoera horiek onargarri eta ekidinezin, indarkeriazko gizarte permisibo honetan?

Indarkeriaz hitz egiten dugu gainerakoei gerta dakiekeen zerbait delakoan eta, bitartean, beste norbaiten zain gaude, beste norbait zutitu zain, mundua aldatzeko zerbait egin dezan. Dena den, jakin badakigu, indibidualki ezingo dugula mundua aldatu, baina isilik geratzen garenean huts egiten ari garela. Komunitateari huts egiten ari garela. Geure buruari huts egiten ari garela. Eskubideei huts egiten ari garela. Ezer esaten edo egiten ez dugunean, gure aurkako erasoak onartzen ari baikara.

Roxane Gay idazleak dioen bezala, «feminista eskasa» etiketa jartzen diot, nik ere, neure buruari, gizaki inperfektua naizelako. Kontraesan ugari ditut, eta ez dut galdera guztien erantzuna. Ez dut beti arrazoia, soilik sinesten dudan hori babesten saiatzen naiz. Baina, feminismoaren arrakasta norberaren ahaleginetik sor daitekeela guztiz sinetsita nago, eta, ahal dudan neurrian, albait gertuen mantendu nahi nituzke, nire pentsaera eta jokaera.

Horregatik, gau hartan ni ere ez nintzen isilik geratu. Askotan, parranda giroan gaudenean, nahiago izaten dut ez ikusiarena egin, lezio moralak ematen hasi baino, baina, beraietako batengana hurbildu, eta merezi zutena esan nion. Barkamena eskatu zidan, esan nionari kasurik ez ziola egin sentitu banuen ere. Hala ere, denon ahalegina inoiz ez da alferrikakoa izango.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!