Bertigoari

Erabiltzailearen aurpegia

Sortzen du halako bertigo sentsazio txiki bat, urteko lehen astekarian idatzi behar izateak. Batez ere, ziklo hasiera bati eskatu ohi zaion mezu sendo eta moralistarik esku artean ez duzunean; zure asmorik behinena denean, ikasturtea lasai samar pasatzea eta udan gehiago irakurtzea. 

Hala tokatu da, ordea, eta nire egitekoa da, gaur, bi mila eta hogeita biko urtarrileko lehenengo ostiraleko astekariko hirugarren orrialdean, fundamentuzkoa izan litekeen ekarpentxo bat egitea. Eta, hainbeste ideia, asmo, proiektu eta aldaketa abiaraztear diren urte berri hasiberri honetan, zerbait esan nahi nuke: ezer ez dela zerotik hasten.

Edo, ez luke hala behar. Sukaldean egutegi berria zintzilikatzeak amnesia interesdun baten jabe egiten gaituela baitirudi batzuetan; urte berriak baimena ematen digula, iaz izan ginena alfonbra azpian sartzeko eta aurrera egiten saiatzeko. Ezer bukatu ez denean, berriz hasteko.

Eta horrela bilakatzen dugu mina zenbaki huts; horrela sartzen ditugu ahanzturaren zakuan, urteko lehen egunaren aurretik eraildako emakume guztien izen-abizenak. Horregatik zuritzen dugu geure burua Whatsapp bidezko zorion mezuz, gorputzetik eta gertutasunetik zaindu ez ditugun horiek goxatzen saiatzeko. Modu horretantxe engainatzen dugu geure burua, enegarrenez, ispilu aurrean jarri eta pentsatzean, urtarriletik aurrerako asmo on guztiek lagunduko digutela kristal horretan ikusten dugun isla maiatzen.

Badugu zer pentsatua, ziklo berriei jartzen dizkiegun erronken inguruan. Denak ez badira, gehienak daudelako josita gorputzera; arauaren barruan sartuko den gorputz bat izateko nahi horretara. Tira, albiste on bat: ezer ez da zerotik hasten, ezta ispilu aurreko frustrazioak ere.

Hamazazpi bat urte izango nituen, orduko mutilak eta biok gure lehenengo hondartzarako hitzordua egin genuenean. Uda, itsasoa eta maitemin nerabea; itxuraz, perfekzioak ez zuen urruti behar. Baina gogoan dut egonezinez pasatu nituela hondartzara iritsi aurreko orduak, nire fisikoak mutilaren itxaropena aseko ote zuen pentsatzen. Gero iritsi zen, egonezin hori betikotzeko nahikoa arrazoi banuela adierazi zidan zerbait: antza, mutilaren kuadrillakoek halako ohartarazpen bat egina zioten nire inguruan, aurretik. «Lagunek esan didate ez zaudela ona, baina uste dut oker daudela». Gaitz erdi, pozik egon behar.

Emakume izendatuon gorputzen gaineko biolentziak ez du ez egutegirik, ezta ziklorik ere; beti egongo da kuadrilla bat, eskatu gabeko iritziak emateko. Continuum hori arnastuz iritsi gara honaino.

Subkontzienteak berriki freskatu dizkidan aspaldiko kontuak dira horiek, baina, tamalez, emakume izendatuon gorputzen gaineko biolentziak ez du ez egutegirik, ezta ziklorik ere; beti egongo da kuadrilla bat, eskatu gabeko iritziak emateko. Continuum hori arnastuz iritsi gara honaino, bi mila eta hogeita biko urtarrileko lehenengo ostiraleraino, eta bada nahikoa arrazoi, bertigoz bada ere, ispiluari samur begiratu eta erronka bizigarriagoei heltzeko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!