Icebergaren puntan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abu. 9a, 11:48

Uztailean oporretan ibili eta abuztuan lanera bueltatzearen parekoa izan da, azken aste eta erdia, arrauneko lehen ligetan: egutegian egunak baino ia estropada gehiago ikustetik, bederatzi eguneko lehia-basamortuari begiratzea.

Bai, badakit Espainiako txapelketa jokatu dutela tartean, baina inork eskatu gabeko iritzia izanagatik –eta nazio ikuspegietan sartu beharrik izan gabe–, esango dut jardunaldiak falta zituela zenbait elementu, hango denborek, sasoi-puntuek eta arraunketek benetako interesa izan zezaten.

 

Noski, edozein basamortutan bezala, abuztukoan eta arraun mundukoan ere balizko oasi guztietatik edaten du egarri denak. Eta esango nuke Izaro Lestayoren izena oasi idiliko bilakatu dela hainbat kazeta eta agerkarirentzat, udako albiste-lehortean. Egia esan, egiten ari naizenaren kontrakoa egin nahi nuen: aipatu gabe utzi, Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkatze estropadan emakumezko patroi bati parte hartzea ukatuko diotela. Kontuak lapikoan nahikoa buelta eman dituelako, batetik, eta, neure burua alferrikako amorrazioetatik babesteko ere bai, ikasturtea abuztuan hasi dudan honetan. Baina, tira, ezin.

 

Fin esanda, koherentziatik urrun samar egon liteke, denboraldi osoan postu horretan lanean aritu denari, urteko hitzordu garrantzitsuenean parte hartzeko eskubidea kentzea. Esan gabe doa, euskararen eta gazteleraren genero-marken arteko desberdintasunetatik aparte, Donostiako banderako araudiak ia estropadak baino zeresan handiagoa pizten dutela, urtero. Ordea, kasualitatez edo ez, emakume bati ukatuko diote traineruan aritzea. Eta, kasualitatez edo ez, iruditzen zait gertaera isolatu bat –momentuz beste halakorik gertatu ez delako– baliatu dutela medio askok, aurpegia parekidetasunaren musuzapiaz pixka bat garbitu nahian.

 

Aitor dezadan, oraindik ez dudala auzi honen bueltako iritzi sendo bat gorpuzterik lortu, feminismoak, genero identitateek, kirolak eta Kontxak kontraesan gehiegi elkar-lotzen baitizkidate burmuinean, abuztua izateko. Eta, patroi getariarraren aurka ezer ez dudan arren –alderantziz–, neure buruari galdetzen diot, goian aipaturiko komunikabide horietako askok zergatik ez ote duten aipatzen, adibidez, Emakumeen Traineru Elkarteko (ETE) liga dela, liga guztien artean, ordainsaririk jasotzen ez duen bakarra, besteak beste, babesle ofizialik ez duelako. Zergatik eta, jaurlaritza prest dagoelako Euskotren liga diru publikoz babesteko, baina ez liga horren harrobi eta ezinbesteko iturri den ETE liga. Zergatik eta, euskal lurralde osoan ez dagoelako emakumeen arrauneko bigarren maila diruz babestea interesgarri zaion enpresa pribaturik. Eta horrela eta horrela, asteburuan Zumaian eta Ondarroan jokatuko dituzten estropadek sari ekonomikoa izatea, albiste da gaur.

 

Arraunlari batek esana da, oraindik egiteko asko dagoen arren, emakumezko arraunlariak pribilegiatu sentitzen direla beste hainbat emakume kirolariren aldean, haien lehiari ematen dioten oihartzun mediatikoagatik. Hori hala izanda ere, ez daitezela geratu icerbergaren puntan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!