Behar zenuen kantu hori, irratian

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko uzt. 29a, 10:25

Horrela biziarazten gaitu gure munduak: batzuetan, triste zaude eta ez dakizu oso ondo zergatik.

Eta arrazoien bila zabiltza, hau eta hura aldatuz, baina ezer gutxi mugitzen da onerako, eta desesperazioa dastatzen hasten zara. Bat-batean, ordea, irrati programatzaileren baten destinoak eta zureak bat egiten dute, eta une, ordu eta leku horretan behar zenuen kantua heltzen da zure belarrira, uhinetan barrena: euforiaren aparra.

 

Esango nuke, paragrafo horretan deskribatutakoa esfortzu eta oilo-ipurdi betean bizi izan dutela, asteburuan, Tolosaldea traineruko arraunlariek. Denboraldiko errutina grisera zihoanean, orduantxe heldu zaie abestirik onena: denboraldiko lehen garaipena; tostako lanean zailtzen jarraitzeko hauspoa; erlojuari erronka berriro irabazi izanaren endorfina zaparrada. Zorionak! Banderaren astintzeak badu, gutxien-gutxienez, Bohemian Rhapsodyren edo Katedral baten indar sendagarria.

 

Norbere patuak irrati programatzailearekin bat egiten duen modu berean, ordea, bat egin dezake galdera arraroekin ere, eta hala esan zidaten aurreko asteburuan: “Ze, azken aldian Orio pattal, ezta?”. Galdetzeko moduak, eta atzean ezkutatzen den guztia. “Asteburu honetan ere Oriok irabazi”, nik.

 

Horrela biziarazten baikaitu gure munduak: batzuetan, pixkanaka gauzak aldatzen ari direla uste duzu, eta bat-batean horrelako zaplaztekoak hartzen dituzu espero ez dituzunen ahotik, eta desesperazioa usaintzen hasten zara, berriro. Enegarrenez, jakin nahi duzu ea irratiak zergatik azpimarratu duen titularretan –merezimendu osoz– Donostiarraren garaipen historikoa, Eusko Tren ligako estropaden emaitzak aipatu ere egin ez dituenean; edo zergatik merezi dituzten batzuek hiru zutabe, besteek sei betetzen dituzten bitartean. Tira, aspaldi erantzunda dauden galderak.

 

Irrati programatzaileen zain egon beharrik izan gabe, Mirotzak loop-ean jarrita osatu dut nik, lanera bueltak ezinbesteko duen ukendua. Etorriko dira euforia eta sintonia berriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!