Erabakitzeko eskubidea eskutik eskura pasatzeko astea martxan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mar. 21a, 16:41
Gero eta gertuago dago ekainaren 8ko Gure Esku Dago, eta Iruñetik Durangoraino luzatuko den giza-katearekin bat egin duten herritarrak ere gero eta gehiago dira jada. Horren harira, Tolosaldeko Gure Esku Dago koordinakundeak Eskutik eskura astea prestatu du, beren helburuak plazaratu eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Bihar goizean abiaraziko dute guztia, Eskuetan abestiarekin egingo duten flashmob erraldoian. 11:30ean Triangulotik abiatuko da Bonberenea Txarangaren kalejira eta Pirritx eta Porrotx pailazoak ere bertan izango dira. Horrela, Alondegia plazan egingo dute flashmoba, pare bat entseguren ondoren. Parte hartu nahi duen edonor garaiz dabil oraindik, eta www.ataria.infon eskuragarri dago dantza ikasteko bideoa.

Gorputza mugituz hasitakoari eskualdera zabalduaz emango diote jarraipena, eta igandean material-mahaiak jarriko dituzte herri guzti-guztietan, 12:00etatik 14:30era bitarte. Arropaz eta zapiez gain, giza-katean izena emateko inprimakiak ere eskuragarri izango dira. Aipatzekoa da, gainera, Berastegin gaurtik igandera bitarte jarriko dutela mahaia, Gazte Festen harira.

Kataluniarrak Tolosan

Zinema, dantza, poteoa, kirolak nahiz hitzaldiak izango dira Eskutik eskura astean eta guztiak izango du zerikusia erabakitzeko eskubidearekin.

Hain zuzen ere horregatik, Herrialde Katalanek presentzia izango dute eskualdean. Batetik, Camp De Llobregaten sortutako Suma+E mugimenduko bi kidek herri-kontsultaren inguruko beren esperientziak hizpide izango dituzte Tolosako kultur etxean. Era berean, Udaberri dantza taldeko kideekin batera ariko dira Torrelles de Llobregat herriko dantzari txikiak ere.

 

 

 
 

Eskutik eskura astea

MARTXOAK 22, BIHAR

11:30. Triangulotik kalejira abiatuko da Bonberenea Txarangarekin eta Pirritx eta Porrotxekin. Handik Alondegira joango dira eta bertan izango da Eskuetan flashmoba.

MARTXOAK 23, IGANDEA

12:00-14:30. Eskualdeko herri guztietan Gure Esku Dago egitasmoko mahaiak jarriko dituzte saltzeko materialarekin eta giza-katean parte hartu ahal izateko inprimakiekin.

MARTXOAK 25, ASTEARTEA

19:00. Gazta zati bat filma proiektatuko dute Leidor aretoan. Ondoren Anjel Oiarbide ariko da pelikularen inguruko azalpenak ematen eta galderak erantzuten.

MARTXOAK 26, ASTEAZKENA

19:00. Gure Esku Dago-ren aurkezpena Ibarran.

MARTXOAK 27, OSTEGUNA

19:00etatik aurrera. Gure Esku Dago egitasmoaren pintxo-pote berezia izango da Tolosako tabernarien eskutik.

MARTXOAK 28, OSTIRALA

19:00. Camp de Llobregateko (Herrialde Katalanak) herri kontsultaren aldeko Suma+E koordinakundeen aurkezpenaTolosako kultur etxean.

MARTXOAK 29, LARUNBATA

12:00. Erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Tolosa Kantari kalez kale ibiliko dira, Tolosan.

17:00. Tolosako Udaberri dantza taldeko gatetxoek emanaldia eskainiko dute Torrelles de Llobregateko (Herrialde Katalanak) Esbart San Martí taldeko gaztetxoekin batera, Tolosako Lopez Mendizabal plazan. Ondoren, kalejira egingo dute Alde Zaharrerantz.

MARTXOAK 30, IGANDEA

11:00. Tolosako Beotibar pilotalekuan pilota partidak eta herri kirolak izango dira: nesken paleta goma partida, lau t' erdiko partida, zesta punta, Aimar Irigoien harri jasotzen,...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!