Sentsibilizazioa ospakizun izango du Alkoholiko Anonimoen Uzturre taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 11a, 11:32

20 urte beteko ditu Tolosako taldeak, eta udalarekin bat eginda, zenbait jarduera izango dira gaur

Gaur egun, 15 kide inguru elkartzen dira Tolosako Uzturre taldean.

20 urte dira jada, alkoholaren bidez gaixotutako pertsonak sendatzeko, Uzturre taldeak bere ibilbidea hasi zuela. Beren jardunari eutsiz, eta Tolosako Udaleko Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako departamentuarekin elkarlanean, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko jarduerak antolatu dituzte gaur.

Asteartero eta ostegunero biltzen dira, 19:30ean, Alkoholiko Anonimoen Uzturre taldeko kideak, Kondeaneko Aldapako 22. zenbakian, Corpus Christiko lokaletan. Gaur egun, 15 lagun inguru ari dira alkoholarekiko menpekotasunaz errekuperatzen, eta zenbaitetan, Gipuzkoako beste zenbait taldetako kideen bisitak izaten dituzte: «Kide diren gizon-emakumeek elkarri laguntzen diote alkoholik edan gabe egoten, eta askatasun osoz, beste batzuekin elkarbanatzen dute beren sendatze prozesuaren esperientzia».

Uzturre taldeak, ordea, kide diren pertsonen errekuperazioaz haratago, hainbat pauso ematen ditu arlo honetan, eta esaterako, elkartearen inguruko informazioa nahi duen edonorentzat bilera irekiak egiten dituzte, hilabeteko azken asteartetan.

Halaber, ospitale nahiz psikiatria zentroetara bisitak egiten dituzte, bertako gaixoei laguntza emate aldera, eta Gipuzkoako gainontzeko taldeekin elkarlanean, ikastetxeetan hitzaldiak ere eskaintzen dituzte.

Gaurko jarduerak Zerkausian

Gaur, 17:30etik 20:30era bitarte, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko antolatu dituzte jarduerak.

Alkoholaren eraginen inguruko bideoa, sentsibilizazio panelak eta galdera-erantzunak burutzeko informazio mahaia jarriko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!