Garraio publikoaren parte hartze sistemak erantzun «oso ona» izan du

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 8a, 11:31

Tolosaldeko garraio publikoaren sistema berria osatzeko abian jarritako parte hartze sistemak «oso erantzun ona» izan du, Tolosaldea Garatzen agentziak azaldu duenez. Guztira, 193 norbanakoren iritziak eta ekarpenak bildu dituzte, eta udalekin, merkatariekin eta bestelako eragileekin batera osatutako ekarpen bateratua, Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazi diote.

Pasa den azaroan jaso zituen, Tolosaldea Garatzenek, ekarpenak, hainbat bideren bitartez: on-line galdetegiak, udaletan eskuragarri zeuden galdetegiak eta Abaltzisketan, Adunan, Asteasun, Baliarrainen, Zizurkilen eta Tolosan egindako herri bilerak. Honez gain, ordea, merkatari elkarteek, gizarte langileek eta Tolomendi landa garapen elkarteak ere egin dituzte beren ekarpenak, eskualdeko hogei udalekin batera.

Herritarrei beren parte hartzea eskertzeko, Tolosaldea Garatzen agentziak zozketa bat egin du. Lehen saria Idoia Apaolaza ikaztegietarrak irabazi du, eta Tolosa & Co elkarteko saltokietan erabiltzeko, 50 euroko txartela irabazi du; beste zortzi sari ere banatu dituzte.

Datorren udan jarriko dute garraio publiko sistema berria martxan, eta datozen hilabeteotan, Foru Aldundiak egindako ekarpenak aztertuko ditu.

Besteak beste, gaueko zerbitzuak asteburutan luzatzea; mugikortasun urria duten pertsonei zerbitzu berezia nahiz plataformak jartzea; autobusetan bizikletak eraman ahal izatea; Tolosatik Berastegira, Orexara eta Gaztelura doazen ibilbideen geltokia Santa Klaran jartzea, eta azkenik, Euskadiko Kutxatik ere Lurralde Bus txartela diruz kargatzeko aukera izatea dira, proposamen nagusiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!