ataria.eus

[Zia edo Boga]: Azkena, eta etxera

Erabiltzailearen aurpegia kirola

8:03 ordularian. Open Office-a parez pare eta, koadernoan, laukitxoen trazua besterik ez. Zia edo boga, ideiak idatzi dut boligrafo urdinez, eta azken bi hilabete eta erdian arraunak eman duena errepasatzeko aipatuko nituzkeenak zerrendatzen hasi naiz. Aurtengoz, azkena.

 

Azkena eta zailena, transzendental jartzen baikara balantze itxura duen edozerekin; ideia gehiegi, hiruzpalau paragrafotan txukuna izan litekeen testuren bat josteko. Ekainetik honako asteburuei begiratuta, erabakirik errazena lirudike San Juan eta Urdaibai hitzak zutabean sartzea: sendo, erregular eta nagusi. Baina, gero, irakurtzen dituzu arraun liga amaitu ondorengo elkarrizketak, eta ikusten duzu Kontxak utzitako hutsuneari buelta eman ezinda dabiltzala zenbait. Oreka vs. magia apuntatu dut boligrafoz.

 

Traineruen unibertso zabalean eguzki sistemako izarrei bakarrik begiratzea ere ez litzateke bidezkoa, eta koadernoko ideia-zaparrada luzatzea erabaki dut orduan: lehorretik, busti, ezusteko, harribitxi. Eta listo, neure buruari onartu diot, azkenean, gaurkoa ez dela izango barrena husteko balio izan didaten zutabe horietako bat; horretarako izan ditudala, uda osoan, txoko honetako karaktere guztiak, eskura. Pentsatu dut, akaso, behar baino biluziago agertu izan naizela batzuetan, eta boligrafoak pasio jarri du zerrendan; aldamenean, ia nahigabe idatzi dizkit eskuak horia, poza, mina eta itxaropena. Baina saiakeratxoa ere egin dut, gure sukaldean tostartekoak pizturiko eztabaida den-denak testuotara ez ekartzeko; deliberazioz, beraz, koadernotik ezabatu ditut burokrazia, elite, manspreading eta istilu.

 

Finean, arrauna ez da behin eta berriz errepikatzen den mantra bat baino. Aurten bai pentsatu zuenak, hurrengo urtean bai idatziko du bere ametsen koadernoan; pankarta arrosan Zorionak Gure Laguna! idatzi zutenek, beste kolore bat erabiliko dute, beharbada, 2019ko ekainetik aurrera, baina Aupa Gure Laguna! jarriko dute berriz. Udaz zikindutako banderatxoa balkoitik kendu berri duen arraun zaleak enegarrenez pentsatuko du, badela garaia berri bat erosi, eta bere taldeari merezi duen kolorea bueltatzeko. Eta tosta gainean azken uda izango zela hitz eman zuenari partida irabaziko dio, beste behin, traineruaren indar erakarleak. Transzendentalismorik gabe, beraz, har dezagun azkena, eta etxera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa