ataria.eus

[Zia edo Boga] Ekuadorrean, kitto

Erabiltzailearen aurpegia Iritzia

Arraunaz idazteko soinu banda ofizialean sar nezake Gozategiren trikiti bizia, eta gaur ezin izan diot haien letra bati heltzeko tentazioari eutsi: ekuadorrean kitto egingo nuke. Arraun ligaren ekuadorrean, alegia.

Denboraldiko lan erdiak osatzear direla, traineru eta sailkapenen dantzak markatu baitu azken jardunaldiko erritmoa. Konpasik zoragarrienekin batzuentzat, eta isilune-konpas gehiegirekin, beste hainbatentzat.

Ezustean eta aparretan iritsi baitzaizkie, sasoiko lehen banderak, Orioko eta Tolosaldeko traineruei; horia eta urdina, arraunak gora, euforia olatu gainean, eta nire DNA bor-borka, ia konbo perfektua osatuaz. Itxaroteak merezi du, noski baietz, amets berriak ukitzeko, besterik ez bada ere.  

Berez, puskatzeaz aritzea zen oporren aurreko azken Zia edo boga-ren patua, larunbat iluntzera arte. Enegarrenez estropada puskatu, eta azken luzean ihes egin baitzuen Urdaibaik, liga bera are gehiago apurtuz. Baina kalkulu zorrotzez egindako aurreikuspenak ere puska daitezke batzuetan, eta denbora gelditzeko utopiari ziaboga ematea besterik ez zait geratu gaur.

Horixe baitu urtaro eguzkitsuenak: egunak anekdota huts bilakatzen dira, eta konturatzerako iristen da Donostiako banderarekin serio pentsatzen hasteko garaia. Eta, horrekin batera, galderak, galderak eta galderak. Zenbaterainoko indarra emango dio Tolosaldeari, igandeko garaipenak? Nola iritsiko dira liga gorenetako traineruak Zarauzko estropadako mugarrira? Iaz bezala, profeziarik beteko al da aurten? San Juanek den-den-den-dena irabaziko al du? Zerkausi azpiko harrobia iritsiko al da iraileko lehen bi igandeetara? Denborak bere lekuan jarriko al du ontzi bakoitza? Photo-finish-aren aroan, gai al gara traineru bakoitzaren lekua zein den jakiteko?

Batek daki. Akaso kantu baten errepika izatera itzuliko da denboraldia edo, beharbada, ekuadorra benetako kitto bat izango da. Bata zein bestea, izan daitezela gure gozamenerako. Irailera arte!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa