ataria.eus

Zia edo Boga: 'Zubigainekoa'

Erabiltzailearen aurpegia kirola

Ederrak dira estropadak, zubi gainetatik. Ehunka metrora ikusten da irteerako baliza eta, ontzien irudiak txikitik handira nola, hala ozentzen da estropu eta toleten arteko harrabotsa, gure oinen azpira hurbiltzerako. Bai, arraunak magia izan lezake itsasotik kanpo ere.

Nondik begiratzen den, hori bai. Magia du, metro gutxi batzuk baino ez baitituzte bereizten, zaleak eta arraunlariak. Eta, zergatik ez onartu: helikopterotik hartutako planoetan, bada nolabaiteko harmonia bat, ibaiaren behe-ibilgua inguratzen duten lerro zuzenen, zubien eta traineruen artean.

Kontu estetikoak alde batera utzita, ordea, argi dago, faktore bakarrak egin ditzakeela magiko errio zabaletako estropadak: irabazteak. Edo, bestela, gehiegi ez galtzeak. Ia beti, neguko lanaren, trebeziaren eta zortearen arteko dantza horretan asmatu behar izaten da, eta Ibaizabaleko eremuaren lehen kapituluek sorginduta dauzkate, honezkero, Urdaibaiko eta San Juango zaleak.

Orain, eufemismorik gabe, esan dezadan –bai, txoko honetan enegarrenez–, ez diodala magiaren zantzurik txikiena ere sumatzen, eliteko bi arraun ligetako hainbat jardunaldi erabakigarri –play off-ak tartean– hiriburu handiko estropada eremu horretan jokatzeari; ez, erlojuaren kontrakoek ere ez dute iritzi hau aldatuko. «Bihurria», «traketsa» eta «zaila» zioten zenbait kazetariren erreportajeek; betiko marearen betiko leloa. Betikoa.

Aste hau Irungo alardearen eta sanferminen arteko zubia izan baita, arraun zalearen begietan. Hain justu, Hondarribiko bi traineruak loriaz jantzi direnean; ze paradoxa. Aspaldi ohitu ginen, gizonezkoen Ama Guadalupekoa banderak etengabe astintzera ikusten. Aurten, baina, emakumeak ere ariko dira traineru berdearen tostetan, Eusko Tren ligan; pentsa, udaletxeko balkoian harrera ere egin diete. Bai, irailaren 8an, alarde plastikodunaren aldeko pegatinak soinean itsasten dituzten gizonezkoen taldeko arraunlari berberek; emakumeak festan ez, baina uretan ikusi nahi dituzten herritarrek. Balio beza tostako arraunak, bi hamarkadari ziaboga eman eta, behingoz, egunen batean, jaiak estropadak bezala eta bezainbeste gozatzera iristeko. Beharbada orduan, desagertuko dira zubi gaineko aldarriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa