ataria.eus

[Zia edo Boga] Zorionekoak gu

Erabiltzailearen aurpegia   kirola

Uretako gorabeherei hitzak jartzea izaten da txoko txiki honen gogoa; bai, batzuetan, lanak eta zaletasunek topo egiten dute bidean. Horrela, joan den ekainaz geroztik, txoko honek lekua egin die errutinei, balkoiei, spoiler-ei, Valentzian egindako banderei eta profezia magikoei.

[Zia edo Boga] Zorionekoak gu
Argazkia: Karkara aldizkaria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Baina, uda osoan arrauna beste konturik izan ez duena ere, gera daiteke esaldiak lotzeko talenturik gabe; garrasi eginarazten digun kirol berberak mututzen gaitu. Shock egoeran geratzeko modukoa izan baitzen, joan den igandekoa. Batetik, itsasoaren haserreagatik: hil edo biziko estropadak izan ziren, esapidearen zentzurik zabalenean. Eta, bestetik, igandeko arraun jardunaldiak oriotarren –eta sanjuandarren– efemeride bilakatu zuelako 2017ko irailaren 10a. Iaz bulegoek palmaresetik lapurtutako bandera aurten itzuli, eta uretakoa ere irabazi dute horiek, Kontxan sekula ezagutu duten basamorturik luzeena zeharkatu eta gero.

Egiazki, tarte honek ez du sekula –ustez– kolore garbirik hartu izan, baina balia dezadan efemeride epikoen indarra, txoko txiki honetan arraunaz dakidan apurra idaztera eraman nauen taldea goratzeko. Bizitzak, kasualitateek edo genealogiaren kapritxoek hala erabakita, Oriok sartu baitzidan zainetan, inguruotan askori urrunekoa zaien sentimendua. Eta, zorionekoa ni. Gu.


Zorionekoak, igandean bizi izandakoa bizitzeko 10 urteko itxaronaldiak merezi izan duelako. Zorionekoak, histeria kolektibo horia ikaragarria delako, hala izan nahi duenean; ikusi, bestela, joan den ostiraleko entrenamenduko irudiak. Zorionekoak, igande iluntzeko aliron haur ginenean bezainbeste gozatu genuelako. Zorionekoak, itsaso zakarrak aspaldiko astelehen gozoena oparitu digulako. Zorionekoa ni, estropaden emaitzekin adarra jotzen aritzen diren berberek mezu bidez aupaorioak idatzi zituztelako. Eta, zorionekoa, traineru arroxagatik pozteko arrazoi nahikoa ere bagenuelako.


Egia da: aitortza formako zutabe hau idaztea lizentzia handiegiak hartzea izango da akaso. Baina, honezkero gauza jakina da, «Kontxa Kontxa dela», eta uda osoan arrauna beste konturik ez duenak, berdintsu jarraitzen duela Donostiako bandera ospatu eta gero. Gaurkoagatik, beraz, barkatuko didate gainerako koloreen zaleek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa