Anne Agirre eta Uxue Olanorentzat Udaberri txapelketa. Besteetan, ezin

Erabiltzailearen aurpegia

Udaberri Txapelketako finala irabazi egin zuten Anne Agirrek eta Uxue Olanok, ostiralean. Larunbateko finaletan, ordea, ez bikote honek, ez Iker Zubeldiak eta ez Aratz Irazustabarrenak lortu zuten txapelak janztea.

Ostiralean eman genion hasiera iragarritako final errondari, Zarautzen. Anne Agirrek eta Uxuen Olanok, Etxaide eta Azkue izan zituzten aurrez aurre eta, pentsatu bezala, estu joan zen partida. Hogeita hamarrera zen partidua eta, 23-27 atzetik zirela iritxi ziren azken txanpara. Orduantxe lortu zuten Annek eta Uxuek joko bolada onena ateratzea eta jarraian egin zituzten hogeita hamarrera bitarteko zazpi tantoak: 30 eta 27 eta beraientzat Gipuzkoako Pilota Federazoak antolatzen duen Udaberri txapelketako gomazko paletako jubeniletako irabazleen garaikurrak.

Bikote honek berak Mallabian zuen hitzordua larunbatean: Euskadiko Pilota Federazoak antolatzen duen Euskal Herriko Irekia txapelketako 3. mailako finala. Lekunberriko bikoak ez zien aukerarik eman. Hasiera hasieratik hartu zieten aurrea eta ez zuten tamaina hartzerik lortu, batik bat, atzelariaren jokoari: nafarrentzat izan ziren txapelak 30-16 irabazi ondoren.

Eta Donostiako Atano III.ean, antzekoa gertatu zitzaien Iker Zubeldia eta Aratz Irazustabarrenari ere Pilotarien Txokoa txapelketako finaletan.  9-22 galdu zuen Ikerrek 20 urtez azpiko finala Zalakain oiartzuarra lagun zuela; bikote sendoa osatu zuten Arribilaga eta Azkarragak, frontisetik urruti jartzen zuten pilota gehienetan, eta ez zieten luzimendurako aukera askorik utzi; esan behar da halare, izandako aukera gutxitan tanto bikainak egin zituela Ikerrek. Aratz, berriz, eskuak justu baina okerrago, oso larri ibili zen nagusien finalean eta ez zuen bere maila emateko modurik izan; ederki aprobetxatu zuen hori Santxo usurbildarrak erakustaldia emateko,  eta erraz irabazi zuten berak eta Arangurenek: 22-7.

Gehiago nahi izaten da, baina aurkariak hobeto jokatzen dutenean onartu besterik ez dago egiterik. Dena dela, asteburu berean lau finaletako protagonista izatea ez da marka makala.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!