ataria.eus

Intxurre lehen mailan txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia   kirola

Gipuzkoako lehen mailako txapeldun izendatu zituzten larunbatean Intxurreko pilotariak. Xabi Zubiria eta Aratz Irazustabarrenak jokatu zuten partida eta txapela jantzi ahal izan zuten Zumarragako Beloki pilotalekuan.

Xabier Zubiria berrobitarra eta Aratz Irazustabarrena alegiarrak jantzi dute aurten nagusiko lehen mailako Gipuzkoako txapela. Intxurre taldearen izenean aritu ziren -txapelketan zehar Asier Artola amezketarrarekin batera- eta Zumarragan, bertako Beloki pilotalekuan, lortu zuten garaipena. Hogeitabi eta hamar (22-10) izan zen bukaeran markagailuak azaldutako emaitza baina uste baino zailagoa izan zen bertara iristea. Aurkariak Ilunpe talde azpeitiarrekoak ziren. Aurrean Egiguren gaztea, oso bizia eta tantoa bukatzen abila eta atzelari Salegi itziartarra oso seguru eta jotzaile.

Partida osoa parekatua joan zen. Tanto bakoitza oso borrokatua, eta hasieran tanteoa ere horrela azaltzen joan zen. Aurretik joan ziren azpeitiarrek bederatzigarren tantora arte baina handik aurrera zuzenean alde egin zuten Xabik eta Aratzek hemeretzigarreneraino, eta geroxeago partida amaitu arte. Aratz indartsu ibili zen atzean eta oso pilota gutxi galtzeaz gain oso ondo kubritu zuen kantxa. Dominatzera ere iritsi zen askotan eta hori aurrean Zubiria berrobitarra edukita tantoak etorriko diren seinale da. Erraz bukatu zuen tantoa Xabik asko mugitu arazi zituen aurkariak eta nahasketa guzti horretan jartzen duen erritmo eta indarrarekin tantoak bata bestearen atzetik Intxurrekoen alde erortzen ziren. Azkenean beraz txapela beraien buruan eta eskuz binaka Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren irabazle moduan azaltzen zuten garaikurrak ekarri zituzten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa