Erakutsiz ikasi

Ohitura onetatik abiatuz, osasuntsu hezi

Erabiltzailearen aurpegia

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) dioenez, «osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da, eta ez bakarrik gaixotasun eza». Beraz, osasuna ez da gaixotasunik ez izatea bakarrik.

Norberaren egoera fisikoaz gain, alderdi psikikoa eta soziala hartzen ditu kontuan. Osasuna bizitzaz gozatzeko ahalmen bezala uler daiteke; osasun ona izateak bizi-kalitate maila egokia izatea adieraz lezake. Eta horretan, dudarik gabe, inguratzen gaituen gizarteak eragin handia du; non eta nola bizi garen, alegia.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan, Osasun eta Gizarte arloko ikasketak ardatz ditugularik, gure osasuna hobetzeko zer egin dezakegun aztertzen ari gara, etengabe. Bakoitzak zer egin dezakeen, norberaren eta ingurukoen osasuna sendotzeko.

Garbi dugu, bizi ohiturek osasunean berebiziko garrantzia dutela. Horregatik, maiatzaren 17an ospatuko dugun Egun Osasuntsua aitzakiatzat harturik, bizi ohitura osasuntsuetan pausoak emanez jarraituko dugu, elikadura egokia eta ariketa fisikoa guztion eguneroko bizi ohituretan (bakarka, nahiz taldean) txertatzeko helburuarekin.

Izan ere, ariketa fisikoak berehalako eragin positiboa du gure garunean, baita gure gogo-aldarte eta kontzentrazioan ere. Hori gertatzen da, ariketa egiten dugunean, gure gorputzak Dopamina, Serotonina eta Noradrenalina neurotransmisoreak askatzen dituelako. Wendy Suzuki neurozientzia irakaslearen arabera, berehalako eragin positibo horrek, gainera, epe luzean irauten du, memoria eta energia indartzen. Horrez gain, Alzheimerra eta Dementzia bezalako burmuineko gaixotasun sendaezinetatik babesten du, garunean sorrarazten dituen aldaketengatik. Astean 3 edo 4 aldiz, 30 minutuz ibiltzea, dantzatzea edo mugitzea bezalako saio aerobikoak nahikoa dira, hori lortzeko.

Beraz, maiatzaren 17an, urtero bezala, gosari osasuntsu batekin hasiko dugu eguna, guztiok batera, elkarrekin gosalduz. Ondoren, ariketa fisikoa egiteko aukera izango dugu, eta guztion parte hartzea sustatzeko hainbat aukera izango ditugu. Ea pausoz pauso ohiturak geureganatzea lortzen dugun!

Beraz, badakizue. Gurekin gosaltzera eta kirol pixka bat egitera gonbidatuta zaudete!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!