Kale Kantoitik

Ipurtargiak azaldu dira

Erabiltzailearen aurpegia

Ipurtargiak azaldu dira dagoeneko. Lehenengoa nire semeak ikusi zuen maiatzaren bian. Oso goiz da, normalean San Juan suaren inguruan agertzen baitira, ekainean.

Eta maiatzaren hiruan neuk ere ikusi nituen bi. Geroztik hiru, lau eta bost ikustera heldu gara, baina gehiago ez. Asko gutxitu dira zomorro enigmatiko polit horiek. Bueno, berez zomorro polita ez da, har baten antzeko intsektu luzexka baita, gorputza segmentuz edo pusketaz osatuta daukana. Ipurdi aldeko azken bi edo hiru segmentuak edukitzen ditu piztuta gauez.

Eta esan dugu asko gutxitu direla. Garai batean, gau berean hemezortzi, hogei eta hogeita seiraino ere iritsi nintzen ikustera. Baina azken urte hauetan askoz gutxiago ikusten dira. Kutsadurak, lurrak porlanez betetzeak, nekazaritza intentsiboak, zelaietan usuri putzuak isurtzeak eta belarra moztutakoan xurgagailu antzeko aparailuekin biltzeak asko gutxitu ditu zomorro miresgarri hauek. Baina ez hauek bakarrik. Kirkilak, matxinsaltoak, tximeletak, enarak eta azpitxoriak, kukua bera asko gutxitu dira azken berrogeita hamar urteetan. Eta intsektu exotikoak direnak, mokotarroak edo kakalardo adardun hegalariak ia ez dira ikusi ere egiten. Eta pena da. Mokotarroak edo arkanbeleak, hiztegian onartutako izenez honela deitzen dira, xilofagoak dira, hau da, larba direnean egur ustelez elikatzen dira. Horregatik da garrantzitsua basoan eroritako enborrak bere horretan uztea, xilofagoak (zomorro dezente dira mota honetakoak) usteltzen doan enbor horren egurrez elika daitezen.

Gaur egun gure fauna autoktonoa oso murriztua daukagu: intsektuak nabarmenki gutxituta, kukua exkax, okila, zuhaitzetan zulo biribila egiten duen hegaztia apenas ikusten den, martineta edo martin arrantzalea izeneko txori koloretsua ere oso gutxi ikusten da, txepetxa eta enara ez asko; eta basapiztiez ari bagara, orkatza eta basurdea kenduta, horiek erruz baitaude, ia ez da gelditzen basakaturik, azeririk, katajineta, azkonar, lepazuri edo lepahoririk. Eta katagorriak, muxarrak, trikuak, erbiak eta untxi basatiak ere asko gutxitu dira. Eta igelak, muskerrak, arrabioak ia desagerrarazi ditugu lur gainetik. Zer utzi behar ote diegu gure ondorengoei? Arratoi zikinak bakarrik? A ze ondarea utzi behar diegun.

Itxialdi behartu honetan kutsaduraren maila dezente jaitsi omen da eta hainbat animalia hirietan ikusi omen dira, adibidez, basurdeak Eibarko kaleetan eta orkatzak ez dakit non. Pentsatu nahi dut lehenago aipatu ditudan gutxitutako animalia horietako asko eta asko ere lasaiago sentituko zirela gizakiaren presiorik gabe eta agian bere kumeak egiteko eta hazteko ezohiko bakea sentitu dutela. Zerbait ona ere utzi behar zuen itxialdi honek.

Eta azken gomendio bat: denborarik eta aukerarik baduzue, irten gauez bide bazterretara, ea ipurtargirik ikusteko zortea izaten duzuen. Ez dakizue nolako zirrara eta poza eragiten duen milioika urtetako oroimena dakarkigun argi berde fosforeszente txiki hori ikusteak. Han dago lehorreko itsasargi txiki berdea gure bista alaituz, apal, umil, bere distira ederra doan eskainiz. Ezazue ukitu, ezazue aztoratu, utzi bakean... Bakarrik ikusi, txunditu eta miretsi naturak eman digun zomorrotxo berezi eta misteriotsu hori. Poz-pozik itzuliko zarete etxera, naturak eskainitako marabila hori oraindik bizi delako, gure begien aurrean jartzen delako, trukean ezertxo ere eskatu gabe; begirune pixka bat besterik ez. 

Zorte on, ipurtargi, eta zorte on baita ere, ibiltari.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!