Kale Kantoitik

Otsaila goxo, martxoa otso!

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko mar. 11a, 10:58

Otsaila otsoen hila dela esan ohi da. Hilabete gogorra izan delako, ez otsoengatik bakarrik, negu gorriaren atzapar saminkorrengatik baizik. Baina aurten otsaila goxo joan zaigu eta martxoa bihurtu zaigu otso, haize zakar, itsaso oldarkor, eurite eta hotz sentsazio gogaikarri horiekin.

Aurten otsailean negurik ez dugu sentitu eta natura bera engainatuta ibili da, zuhaitzak eta belazeak lorez apainduta jarriz garaia heldu baino lehen. Kimu berriak eta hostoak mugitu dira hainbat tokitan eta uste izan dugu udaberrian sartuta geundela jadanik. Tenperaturak ere halakoak izan dira, behin baino gehiagotan 20 graduz gainetik termometroak harro-harro azalduz. Euririk ez du egin ia. Hainbat baserri eta mendiko txaleten atarietan mimosak lore horiz gainezka agertu zaizkigu, udaberriaren bihotzean geundela sinetsaraziz. Baina kukua ez du engainatu udaberriaren mozorro apain horrek. Oraindik ez du bere abesti errepikakorra entzutera eman. Kukua oso maltzurra baita eta badaki otsailean txantxangorriek eta beste txoriek ez dutela habiarik egiten. Baina lehenengo enarak etorri omen dira. Ea nahiko eltxo eta zomorro izaten duten jateko eta bere hegaldi akrobatikoekin alaitzen gaituzten.

Eta aurtengo otsail epel eta goxoaren beste muturrean jarriko nuke nik ezagutu dudan otsail otsoilena, gogorrena, ankerrena: 1956ko otsaila. Zuetako askok ez zenuten hura ezagutuko eta batzuk entzungo zenuten, baina halako hilabete zitalik ez dut nik ezagutu eta ez dut espero ezagutzea ere. Hamar urterekin Arantzazuko seminarioan nengoen urte horretan eta udazken heze, euritsu, sirimiriz beteriko baten ondoren etorri zen otsail gogor, negargarri hura. Ia hil osoa izotzetan pasatu genuen. Elurra egin zuen errukirik gabe eta bideak belaunetaraino elurrez estalita egon ziren ia hilabete osoan, Arantzazun behintzat. Ia egunero izotza egiten zuen eta termometroak –14 gradura jaitsi ziren. Elizako aterpeetako teilatutxoetatik lau metroko izotz-burruntziak zintzilik egon ziren hilabete osoan. Entzun nuen Gipuzkoan toki askotan txoriak hegan egin ezinik hilda erortzen zirela lurrera hotzaren hotzez. Eta pinudi ugari erre ziren otsail hartan, ez suaren eraginez, izotzak erreta baizik. Badakizue izotzaren erredurak nolako sumindura sortzen duen, bada hilabete oso bateko sumindurak pinu asko eta asko erre zituen.

Eta gu, hamar urteko pipioloak, han, ez berogailu, ez aire egokitu. Eskuetan eta belarrietan ospelak, sudurretatik kandelak zintzilik, eztula eztarrian. Seguru asko ganaduak bezala berotuko ginen, 165 bat mutiko bai baikinen eta Belengo Portalean Jesus bezala elkarren arnasarekin berotuko ginen. Goiz batzuetan, jaiki eta burua garbitzea tokatzen zitzaigun. Horretarako korridore edo pasillo luze baten erdigunean iturri mordo bat zeuden eta han garbitu behar izaten genuen burua. Otsail horretan ia egunero iturriak izotz-estalaktita txikiak zintzilik zituztela egoten ziren, eta haiek kax-kax-kax eginda hortzak garbitzeko eskuilarekin kendu, iturria ireki eta ur izoztuarekin garbitzen genituen buruak. Lehorgailurik ere ez zen garai hartan eta burua toaillarekin nola edo hala lehortu eta kapillara joaten ginen mezetara. Nire rinitisak eta katarroak harrapatzeko joera otsail malapartatu hartatik datorrela uste dut. Baina batek baino gehiagok esan dit ilea ez erortzea ere ur izoztuarekin burua garbitzearen ondorio izango dela.

Hura pasatu zen eta nire buruan itsatsita geratu zen. Eta aurten beste muturreko otsailaz gozatzea tokatu zait. Eta hain hoztia naizenez, asko eskertu diot naturari otsail epela eta lehorra. Eta martxoa espero dut ez dela hain hotza izango, eguzkia ordu luzeagoz egoten baita zeruan. Espero dezagun baita ere koronabirusa ez ailegatzea gureganaino. Horixe opa dizuet zuei ere. Zaindu, atxis egiterakoan ukalondoarekin zuen sudurrak estali eta eskuak sarri-sarri garbitu. Sano eta onik atera gaitezela denok birus malapartatu honen atzaparretatik. Hala bedi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!