Kale Kantoitik

Joxe Mari Auzmendi edo gizon handien isiltasuna

Erabiltzailearen aurpegia

Duela egun batzuk joan zaigu Joxe Mari Auzmendi, gaitz zital batek eramanda. Eta bizi izan zen bezalaxe joan da, hots eta zarata handirik atera gabe. Askotan gertatzen da pertsona batzuek burrunba atera behar izaten dutela norbait badirela adierazteko. Ez zen hau Joxe Mariren kasua.

Joxe Mari Auzmendi, ikasketaz kimikaria zen, baina laster konturatu zen, Patrizio Etxeberria lantegian lan egin ondoren, bere barruak eskatzen zion bidea irakaskuntza zela eta hezkuntza arloan lan egin nahi zuela. Lan hura utzi eta ikastolan hasi zen lanean, magisteritza UNEDen ikasten zuen aldi berean. Betidanik ezaugarri bat izan zuen Joxe Marik: lanean gogotsu aritzekoa eta inguruan zabaltzen zuen goxotasuna, irribarrea ezpainetan eta indarrak batzeko ahaleginean.

Urte batzuk Legazpiko ikastolan pasatu ondoren, ikastolei kinka larria sortu zitzaien eskola publiko izateko aukera eta kasu batzuetan ia-ia beharra eskaini zitzaienean. Euskal irakaskuntza ziurtatu gabe zegoen eta garai hartan sozialisten aldetik zetorren eskaintza hori, euskarak oraindik kolpe asko jasotzen zituen garaian bai sozialisten eta bai PPkoen aldetik. Horregatik guraso askok ez zuten garbi ikusi sistema publikora pasatzeko ahalegin hura eta ikastolaren betiko bideari jarraitzea erabaki zuten. Beste batzuk, batez ere ekonomia aldetik zailtasun handiak zituztenak, sistema publikora pasatu ziren. Garai honetan, Ikastoletako Irakasleen Elkartea ere kili-kolo zebilen, eta Joxe Mari Auzmendiri eskatu zioten irakasleen koordinazio lanaz arduratzea eta euskal irakaskuntzari eta pedagogiari buruzko gogoeta sakon bat abiatzea. Legazpiko ikastola utzi eta hainbat irakasle eta aholkulariren babesarekin Hik Hasi aldizkari pedagogikoaren proiektuan buru-belarri inplikatu zen, irakasleen berrikuntza pedagogikoa eta koordinazio lana ahaztu gabe. Jende asko bildu zuen bere inguruan, bai Irakasle Elkarteko jendea eta bai Udako Euskal Unibertsitateko kolektibo pedagogiko bat ere. Eta lanean hasi zen, isilik, txingurrien antzera, zailtasunei aurre eginez, beti irribarrea aurpegian eta animo hitzak ezpainetan, eta hiru urte luzetan subentziorik jaso ez bazuen ere Hik Hasi pedagogia aldizkaria bidea egiten hasi zen. Eta horrez gain pedagogia korronte berriak Euskal Herrian txertatzeko ikastaroak eta bilguneak eskaintzen. Finlandiaraino ere eraman zuen hezkuntzako jendea, nazio hori erreferente bat delako hezkuntza munduan eta batez ere bullying-ari aurre egiteko era aurrerakoi eta eraginkor bat asmatu zutelako han.

Joxe Mari Auzmendi gizon handi bat izan da, isilik lan egin duena, bere burua ezagutzera emateko ahaleginetan denborarik galdu gabe. Gizon apala, goxoa, langilea, talde-lanerako pertsona aproposa indarrak batzen zekielako bere irribarre etengabearekin eta animo hitzekin. Hik Hasi aldizkari pedagogikoaren bultzatzaile nekaezina izan da. Berak garbi zeukan eskolak, etxeak eta herriak banatu ezin den hirukia osatzen dutela eta elkar hartuta aritu behar dutela. Horregatik “Hazi eta Hezi” aldizkaria ere bultzatu zuen familiei begira, familiak garrantzia izugarria duelako umeen hezkuntzan eta herri euskaldun baten eraikuntzan.

Eta azkenaldian, OinHerri proiektuan ere buru-belarri partu hartu zuen, umeen aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzeko asmotan. Eta arlo honetan esan dezagun harrokeria punttu batez “Champions”eko ekipoa osatu zutela Joxe Marik eta beste hainbat partaidek: Irrien Lagunak, Hik Hasi, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Topagunea, Ikastolen Elkartekoa, Tabakalera, Amarauna, Txatxilipurdi, Urtxintxa, Ttakun Kultur Elkartea, Elgoibarko Izarra eta beste batzuk.

Horrelako ekipo batekin eta Joxe Mari Auzmendi bezalako pertsona langile eta eraginkorrekin badut itxaropena Euskal Herriko umeen hezkuntza eta formakuntza bide onetik joango dena. Goian bego, Joxe Mari Auzmendi. Ez adiorik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!