WATTARIA

Hidrogenoa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko aza. 7a, 18:58

Hidrogenoak petrolioa ordezkatuko omen du». Hamaika aldiz entzun dudan esaldia da hori. Egia al da? Esaldia bere horretan hartuz gero erantzuna garbia da: Ez, inola ere ez. Azter dezagun zehaztasun handiagoz zergatia.

Petrolioa erregai fosil mota bat da. Orain dela milioika urte Lurrean bizi ziren espezieak hil ahala apurka lurzoru azpian pilatzen joan ziren, eta hainbat bakteriok eragindako eraldaketa biokimikoak medio, petrolio moduan putzutan metatu zen lur azpian. Egun, gai gara petrolio hori kanporatu eta eraldatzeko. Eraldatu ondoren erregai bezala erabil dezakegu, konbustio kontrolatu baten bidez energia lortu ahal izateko. Autoa ibiltzeko gasolina erretzen dugu; ondorioz, jatorrizko energia iturria (petrolioa, alegia) erabiltzen ari gara energia sortzeko. Konbustio perfektua eginez gero CO2-a eta ur lurruna sortzen dira. Edozein kasutan, autoetan konbustioa perfektua sekula ez denez, karbonodun beste gas batzuk ere askatzen dira.

Egun, gasolina hidrogeno edota baterien bidez ordezkatzea da automozio industriaren ikerketa gai garrantzitsuenetako bat. Hidrogeno gasez (H2-z) dabilen auto bat erosiko bagenu, gasolina beharrean hidrogenoa erretzeko egokitutako motor bat izango luke gure autoak. Gasolindegira (edo hidrogenotegira?) joan eta hidrogenoz beteko genuke gure depositua, eta gure autoaren erabilera gasolinazkoekin daukagunaren antzekoa izango litzateke, baina CO2rik edota karbonodun beste gasik sortu gabe, ur lurruna soilik isuriz. Prozesua garbiagoa da, alegia. Non dago, beraz, koxka?

Petrolioa ez bezala, hidrogeno gasa ez daukagu Lurrean eskuragarri. Ondorioz, H2 sortu egin behar dugu. Nola?


Petrolioa ez bezala, hidrogeno gasa ez daukagu Lurrean eskuragarri. Ondorioz, H2 sortu egin behar dugu. Nola?

Kopuru handitan daukagun ura, H2O formula duena, hidrogeno eta oxigenoz osatuta dago. Energia dezentez eraginda, H2 eta O2 gasetan banatu daiteke. Sortu ahala, bi gas hauek banatu behar dira: H2-a biltegiratu eta O2-a (oxigenoa, alegia), atmosferara isur daiteke. Euren egituran hidrogenoa daukaten beste konposatu batzuk erabili daitezke; baina gehienok dakigu H2O ura dela, eta beharbada, hori jakinda, hobeto ulertzen da formula kimikoari dagokionez.

Edonola ere, konposatu hauetatik H2-a lortu ahal izateko energia behar da. Ondorioz, hidrogenoa ez da energia iturri bat, bitartekari bat baizik. Ura hartzen dugu, energia ematen diogu, hidrogenoa lortzen dugu, eta ondoren hidrogeno honetaz baliatzen gara gure autoa mugitzeko energia eskuratzeko.

Nondik dator hidrogenoa sortzeko behar den energia? Hori da gakoa. Energia hori erregai fosiletatik lortzen badugu, H2-a sortzeko garaian CO2 eta beste karbonodun gasak sortzen ariko gara, gure autoak hauek isuriko ez dituen arren.

Gainera, prozesu bakoitzean energia zati bat galdu ohi da bero moduan: orduan eta eraldaketa gehiago egin, eraginkortasuna txikiagoa izango da. Erregai fosilak zuzenean erretzean pauso bakarra dago. Uretik H2-a lortu eta H2 hori gure motorrean erretzean, ordea, bi. Ondorioz, gaur-gaurkoz efizientzia txikiagoa da hidrogenoa erabiliz gero. Aldiz, H2 hori sortzeko iturri berriztagarriak erabiliz gero (energia eolikoa, eguzki indarra...) atmosferara egiten ditugun isurpenak murriztuko ditugu, eta ingurumenari mesede egingo diogu.

Funtsean, azaldu bezala, hidrogenoak ez du petrolioa energia iturri bezala ordezkatuko. Hala ere, erregai fosiletan oinarritutako energia eredua aldatzen lagundu dezake, bitartekari lanak eginda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!