WATTARIA

Gogoeta - auto elektrikoa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko eka. 20a, 05:59

Auto elektrikoaren inguruko ikerketak diru kopuru handiak mugitzen dituela aski zabalduta dago. Auto enpresek interes handia dute hauen garapenean eta lehia gogorrean ari dira modelo berriak garatzen.

Gai hau azken urteetan bogan egon arren, Juan Ignacio Perez Iglesiasek Zientzia Kaieran azaldu zuen bezala, XIX. mendean sortu zen lehen auto elektrikoa. Hala ere, mugitzeko behar duten energia baterietatik xurgatzen duten auto hauek ez dira oraindik gure gizartean zabaldu. Zergatik?

Badaude auto elektrikoari egozten zaizkion pare bat arazo erosleak auto tradizionalen aldeko aukera hartzera bultzatzen dituztenak. Lehenik eta behin, autonomia txikia dutela esaten da: ezin direla bidaia luzeak egin tartean bateria kargatu gabe, alegia. Egia da, batez ere gasolina edo gasolioarekin dabiltzan kotxeekin alderatuta. Egungo auto elektrikoek 200 eta 400 kilometro bitarteko autonomia dute eta bateria hustu osteko karga ez da auto arrunten depositua erregaiaz betetzea bezain azkarra. Hala ere, zenbatek egiten dituzte 200 kilometro baino gehiago egunean?

Bigarren faktorea da, nire ustez, erabakigarriena: salneurria. Auto elektrikoak garestiak dira, apurka merkatzen ari diren arren. Izan ere, Li-ioi baterien prezioa ere geroz eta baxuagoa da, eta, ondorioz, baita autoen salneurria ere. Li-ioi baterien kostua azaltzeko errusiar mendi batean beheraka egiteko tartea irudika dezakegu: hasieran prezioa oso azkar jaitsi zen, baina apurka egonkortzen doa, eta azkenean ibilbide laua egingo du. Non gaude oraintxe bertan? Badago eremu lautik oso gertu gaudela uste duenik, eta ezin izango direla prezioak askoz gehiago murriztu.

Agian badago, gure artean, auto elektriko bat izan beharrean kotxe arrunt bat erosteagatik dirua galtzen ari denik ere!

Hala ere, gure egunerokoan eragiten digun gastua ere kontutan hartu beharko genuke: egun, dezente merkeagoa da auto elektriko bat kargatzea depositua gasolinaz betetzea baino, eta gasolinaren prezioak garestitzen jarraitzen badu, aldea orduan eta nabarmenagoa izango da. Agian badago, gure artean, auto elektriko bat izan beharrean kotxe arrunt bat erosteagatik dirua galtzen ari denik ere! Zenbatek erabiltzen dute autoa egunero-egunero lanera joan eta etxera itzultzeko denera, gehien jota, 50 kilometro egiten? Zenbat urtetan lortuko lukete kotxearen salneurriaren aldeari buelta ematea?

Dena den, honek ere badu B aldea. Pentsa dezagun Europako biztanlearen gehiengo batek, egun batetik bestera, auto elektriko bat erosten duela. Gidari askok garajeak dauzkate eta agian kargak egiteko ez dute arazorik izango. Eta ez daukagunok? Nork ordainduko luke beharrezkoa izango litzatekeen birkargatze azpiegitura guztia? Eta, okerragoa litzatekeena, gehienok lanetik 17:00 eta 19:00ak bitartean herrira itzulera egin, autoa aparkatu eta entxufatuko bagenu, nondik lortuko genuke energia auto horiek guztiak aldi berean elikatzeko? Beharbada iturri osagarriak beharko lirateke, eta haizerik ez badago eta eguzkiak gogor jotzen ez badu, agian energia nuklearrera edota erregai fosiletara jo beharko genuke? Gainera, ezin dira albo batera utzi auto hauen bateriak fabrikatzeko erabiltzen diren mineralak (eta haien erauzketa metodoak) eta prozesatzeko beharrezkoak diren konposatu organiko kutsakorrak...

Honenbestez, auto elektrikoak abantaila eta desabantailak dauzka, edozein teknologiak bezalaxe. Hala ere, esan bezala, kotxe hauen zabaltzeak inpaktu negatiboa izan dezake ingurumenean. A ze paradoxa, ingurumenean interesa dutenak baitira askotan auto elektrikoan interes handiena dutenak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!