Wattaria

Izarretatik ez horren urruti

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2019ko abe. 7a, 19:59

2019 urteak amaiera berezia izango du baterien esparruan lan egiten dugunontzat. Izan ere, Kimikako Nobel Saria Li-ioi baterien sorreran protagonista nagusi izan ziren hiru ikertzaileri emango diete abenduaren 10ean: Akira Yoshino, M. Stanley Whittingham eta John Bannister Goodenoughi, alegia.

Egun, bateria hauen inguruan ikerketan dihardugun arren, 70. hamarkadan hasi ziren kontzeptu mailan eurekin lanean, eta ez ziren 1991. urtera arte merkaturatu.

Ziurrenik arrotzak izango zaizkizu Yoshire, Whittingham eta Goodenough, irakurle; baina ikerlari hauen lanak inpaktu zuzena izan du gure garapen teknologikoan, baita gure gizartearen izaeraren garapenean ere. Eraman eskua patrikara eta atera ezazu zure telefono mugikorra. Antzinako mugikorrek ez bezala, egungoek energia dentsitate (energia asko tamaina txikian eta pisu arinean) handia behar dute lan egiteko. Hala ere, agian, zutabe hau zure ordenagailu eramangarria irakurtzen ariko zara, hau ere Li-ioi bateria batek elikatua.

Bateriok autonomia handia ematen diete horietaz elikatzen diren gailuei, baina honek badu B aldea ere. Ez al da errazagoa lantokiko lana etxean aurreratzea edota amaitzea ordenagailua asteburuan etxera eramateko aukera izanez gero? Ez al da azkenaldian hizketagai telefono mugikorren erabilera desegokiak eragiten duen bakardadea? Ez al da osasunarentzat hobea bizikleta edota patineteari gure hanken indarrez eragitea (gure kondizio fisikoak lagunduz gero) bateria batek gure ordez egitea baino? Ez al dira garbiketa robotak gure alferkeriaren ikur garbi bat? Bateriak eta bateria garatzaileak ez dira gure gizartearen ezaugarri kaxkar hauen erantzule, baina, zalantzarik gabe, posible egiten dituzte.

Dena den, autonomia honek dituen alderdi txarrak alde batera utzita, ukaezina da gure bizitzan eragiten dituen abantailak eta, onerako edo txarrerako, gure bizitzan duen inpaktua. Honek bateriei lotutako gai nagusienetako batera bideratzen gaitu: auto elektrikora. Hurrengo emanaldi batean honi buruz sakonago arituko naizen arren (ziur, gainera, Elon Muskek horretarako bide emango didala), ezin uka daiteke erregai fosilengan dugun dependentzia murriztu dezaketela, ingurugiroaren mesedetan. Egunen batean auto elektrikoak garraio arrunta bilakatzea ezinezkoa litzateke 2019ko Nobel saridun hirukotearen ikerketa gabe.

Inpaktua. Agian hori da Li-ioi baterien garapenak gizartean eragin duena definitzeko hitz borobilena. Pozten nau Kimikako Nobel Saria gure bizitzan inpaktu zuzena izan duten ikertzaile batzuei ematea, gizarteak zientzia urruti sentitu ez dezan. Eta amaitzeko, bitxikeria bat: orain 9 urte, John B. Goodenough handiak nire egungo hainbat lankiderekin lankidetza bat osatu eta elkarrekin artikulu zientifiko bat argitaratu zuten. Polita izan zen, sariaren aitortza egin zuten egunean, izarretatik (zientzialari izarretatik, alegia) horren urruti ez gaudela sentitzea. Ederki ospatu genuen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!