Wattaria

Agur t'erdi

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2019ko aza. 10a, 07:58

Bizitzak, noizbehinka, espero ez dituzun leihoak irekitzen dizkizu. Beti atsegin izan dut irakurtzea, irakurtzen nituen hitzak idazten zituztenak miresteraino. Halako batean, niri egokitu zait testuaren beste aldean dagoena izateko aukera eta, ondorioz, zalantza: eskaintza onartu ala ez?

Nire hitzak irakurleen begitara (eta kritikara) aurkeztu ala foro txikietan ahoz elkarbanatzen jarraitu? Paper zuriaren sindromea pairatzeko aukera izan edo egungo erosotasunean jarraitu? Erronka berriari ekin edo denbora libre gehiagoz gozatu? Pilula urdina ala gorria? Hautatu nuena bistan duzue.

Idaztea ere asko gustatu izan zait betidanik, baina nire irakurlegoa ez da oso zabala izan: familia, lagunak, irakasleak, ikaskideak, zientzia komunitateko kideak, ikasleak... Gertuko jendea edota nire testuak lan kontuengatik irakurriko zituztenak. Sekula ez hautu propioz edo konpromiso profesional edo afektiborik gabe, neurri batean. Behin ere ez nire argazkia duen eta herrikideen buzoian utzitako paper zati batean. Gaur arte, behinik behin, ez.

Baina foro ireki batean idatzi ahal izateko beharrezkoa da idazgairen bat izatea (gaurko testuak eduki handirik ez duen arren). Isaac Asimov biokimikari handiak zientzia fikzio testu bikainak publikatzen zituen egunkarietan bere denbora librean. Imanol Landa txikiak nahikoa lana badu noizean behin zutabe bat idatzita eta, beraz, hobe du dakien zerbaiti buruz idazten badu esperimentu handirik gabe. Baina lanbidez esperimentatzailea naizen aldetik, nire esperimentu-gai diren bateriei buruz arituko natzaizue. Horixe bainaiz ni, Cidetec fundazioan profesionalki baterien ikerketan (ez musika instrumentuen ikerketan, energia biltegiratze sistemetan baizik) jarduten duen Alegian jaiotako eta Tolosan bizi den ibartar bat. Eta horri buruz idatziko dut hemen: bateriei buruz. ATARIAk ematen didan leiho honetan energia biltegiratze mota ezberdinak, historia, kuriositateak, aplikazioak eta halakoak azaltzen saiatuko naiz.

Modu erakargarrian idazten saiatuko naiz, baina hitzok irakurriz zure betazalen pisua handitzen doala nabaritzen baduzu, irakurle, ez larritu; ziurrenik nire erruz izango da. Izan ere, zeinen zaila zaigun hainbat ikertzaileri gure ikerketa-gaia formazio zientifikoa ez duen jendeari azaltzea! Hala bada, esadazu kaletik ikusten banauzu -edo Internet bidez- eta esadazu beldurrik gabe zertan dudan hobetzeko beharra.

Nahikoa dela iruditzen zait. Lehen eguna da, aurkezpen eguna, eta ez du merezi azken paragrafoan irakurlearen burua elektrodo, elektrolito edota bestelako kontzeptuekin nahasten hasteak. Baterien inguruan interesa baduzu, ongietorria izan zaitez nire zutabera!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!