Ez-albisteez betetako albistegiak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2021ko mar. 12a, 20:58
'Gaur egun' albistegiaren frame bat. ATARIA

Albistegiek aspaldi utzi zioten albistegi izateari; bai behintzat, nik ulertzen dudan albistegi mota izateari. Nire ustez, eta gaur ez dut nire ustea apaltzat hartuko, eguneko albisterik garrantzitsuenen errepasoa izan beharko lukete albistegiek; eta ez, azken urtebete honetan ez gara albisterik garrantzitsuenak jasotzen ari; ezta urrik eman ere.

Jada ahaztuta daukat konfinamendu garaiko albistegien eskema orokorra, baina udaz geroztik etengabeak izan dira positibotasun tasa bateko eta besteko herrietako biztanleen iritziak: positibotasun tasa zeroan dutenak, kasuen bat-bateko agerraldia izan dutenak, eremu gorrian bihar sartuko direnak... Beti galdetu zaie herritarrei «zer egin da ondo/gaizki herri honetan?». Eta uneoro izan dira erantzun berberak: gazteak, terrazak, garraio publikoa... Inoiz ez iritzi landu eta sofistikatua; eta hutsik egin gabe, berriz, hainbeste gorroto ditudan egindako esaldiak.

Albistegiek aspaldi utzi zioten albistegi izateari; bai behintzat, nik ulertzen dudan albistegi mota izateari

Eta pasa den ostiraletik aurrera, zer? Astea Santua gora eta Aste Santua behera. Etengabe ari zaizkigu esaten Aste Santurik ez dugula izango, baina zein izan da pasa den asteburuko telebistako zein irratiko albistegietako albiste izarra? Landetxeetako, hoteletako eta jatetxeetako okupazioen gorakada. Ni, bitartean, sofan pentsakor, ze buelta egingo dudan Aste Santuan bizikletarekin. Baina bat-batean ETBko kazetaria niri barrezka ari dela sumatu dut: «Nola? Bizikletan buelta ziztrin bat ematea al duk Aste Santuko hire plana? Benetan?». Eta irratiko esatariak jarraitu dio: «Mundu guztia zoak erkidegoko beste herriren batera Aste Santua pasatzera, eta hi etxean geldituko al haiz?».

Igande goiza heldu eta konpainia egiten didaten hauts partikulei irteera bidea irakasten ari nintzen bitartean, beti bezala, Felix Zubiaren hitzei adi: kontuz eta kontuz eta kontuz. Bazkalondoan, berriz, Josu Lopez-Gazpiok iragan astekarian idatzitakoa irakurtzen, eta berriz ere: kontuz eta kontuz eta kontuz. Miren Basaras mikrobiologoa entzun, eta: kontuz eta kontuz eta kontuz.

Igande iluntzean, Jokin Altunaren erakustaldia eta gero, Gaur Egun: kontuz zioten hitzen bat edo beste bai, baina, batez ere: erreserben igoera; jendea Aste Santurako egiten hasitako planak; eta asteartean, EAE osoan mugitzen utziko zaigun lehen egunean, jendeak zapalduko dituen herrien zerrenda amaigabea.

Beharko errepikatu egindako esaldiak, beharko seinalatu beste errudun batzuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!