Euria nagusituko da ondorengo egunetan

Erabiltzailearen aurpegia

Gaurkoan eguraldi motel xamarra izango dugu. Egun osoan zehar zerua hodeitsu mantenduko zaigu, ia estalirik eta tarteka-tarteka euri pixka bat egingo du.

Ez dira litro asko izango baina eguraldi amorragarria izango dugu eta tenperaturek behera egingo dutenez giro freskoa izango dugu. 20 gradutara ezin iritsi ibiliko dira maximoak. 

Larunbatean, euriak indarra hartuko du batez ere egunaren bigarren zatian. Eguerdira bitarte ez du euri asko botako baina arratsaldean zaparradek indarra hartuko dute eta ugariagoak izango dira. Egunaren amaieran zaparrada mardul xamarrak botako ditu. Haizeak mendebal ipar mendebaldeko ukitua hartuko du eta tenperaturek behera egingo dute 16-18 gradutan errendituz. 

Igandean, eguraldi euritsuak jarraipena izango du. Zaparradak sarri botako ditu eta mardul xamarrak izango dira. Zeruan tarteka ostarteak zabalduko dira baina mendebaldeko haizearekin jarraituko dugunez, udazkeneko eguraldi euritsua izango dugu igandean ere, termometroak 16-18 gradu pasa ezinik ibiliko dira. 

Astelehenari dagokionez, badirudi eguraldi lasaiagoa izango dugula. Ez da garbia izango baina euri dezente gutxiago botako du asteburuarekin alderatuz. Tenperaturek udazken sasoikoak izaten jarraituko dute. Astearte eta asteazkenean euri asko botako du. Udazken sasoiko eguraldi benetan euritsuak izango dira. Tenperaturek ere behera egingo dute.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!