Giro tristearekin hasi eta arratsaldean ostarteak

Erabiltzailearen aurpegia

Gaurkoan, giro tristearekin hasi arren, eguraldian hobera egingo du. Goizean eta arratsalde erdirarte ipar-mendebaldeko haizearekin oraindik zeruan hodei asko pilatuko da eta euri pixka bat ere izango dugu. Orokorrean euri zaparradak ahulak izango dira, baina egunsentian eta goizean ekaitz hondarren bat geratu eta zaparrada mardulagoren bat bota dezake. Arratsalde erditik aurrera, haizeak ekialde/hego-ekialdeko ukitua hartuko du, erabat atertu eta eguna amaitzerako ostarte zabalak irekiko dira. Termometroek beste koska bat behera egin eta gehienez 16-18 ºC harrapatuko dituzte.

Bihar, uda-sasoiko giroa bueltan. Goizean oraindik hodeigune batzuk agertuko dira, baina eguerditik aurrera eguzkia nagusituko da eta zeruan goi-hodei batzuk soilik ikusiko ditugu. Haizeak ekialdetik joko du, egun amaieran hego-ekialdetik eta horrekin eta erdi-mailako geruzetako aire epelarekin termometroek nabarmen gora egin eta eguneko erdiko orduetan 26-28 ºC bitartean joko dute goia. Gauean hego-ekialdeko haizearekin oso gutxi freskatuko du.

Igandean, uda bete-beteko giroa. Erdi-mailako geruzetan egongo den aire epelak lurrazalean termometroak balio altuetara eramango ditu eta eguneko erdiko orduetan maximoak 28-30 ºC bitartean kokatuko dira. Zeruari dagokionez, nahiz eta, goi-hodei dezente agertuko den, ez diote eguzkiari trabarik egingo eta giro eguzkitsu eta beroaz gozatu ahalko da egun osoz. Haizea aldakor ibiliko da, baina iluntze-gau partean ipar-mendebaldeko haizea sartuko da eta zertxobait freskatuko du.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!