Giro motela

Erabiltzailearen aurpegia

Giro motela izango dugu. Egun osoan hodeiak nagusituko dira eta hodei hauek euri pixka bat utziko digute. Orokorrean euri langar modura botako du, baina ezin da baztertu egunaren bigarren zatian ekaitzen bat garatzea. Hala ere, ekaitzetarako aukera txikia denez, botatzen duena euri txikitan botako du. Haizeak ipar-ukitua izango du eta termometroak zertxobait beherago kokatuko dira, eguneko erdiko orduetan 19-21 gradu bitartean joaz goia.

Larunbatean, hobetzeko joera hartuko du eguraldiak. Goizean eta eguerdira bitarte oraindik zeruan hodei asko ikusiko dugu eta egunsentian hodei hauek euri pixka bat utziko digute zaparrada ahul modura. Goizean bertan ordea, erabat ateri geratuko da. Eguerditik aurrera ipar-ekialdeko haizearen laguntzaz ostarte geroz eta zabalagoak irekiko dira, egun amaieran zerua ia erabat garbi geratuz. Termometroek balio atseginetan jarraituko dute baina berorik gabe, eguneko erdiko orduetan 20-22 graduan joaz goia.

Igandean, giro eguzkitsua eta epela. Ipar-ekialdeako haizearen eta erdi-mailako geruzetan sartuko den aire epelaren eraginez termometroek gorakada polita izango dute, eguneko erdiko orduetan 23-25 graduan joaz goia. Zeruari dagokionez, egun osoan goi-hodei batzuk ikusiko ditugu, baina ez diote eguzkiari trabarik egingo eta arratsaldean bero-hodeiren bat edo beste garatu arren, ez du ekaitzetara joko eta egun osoz eguraldi ederraz gozatu ahalko da.

 

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!