«Ezin dugu tapatu sufrimendua, bestela beste momentu batean sortuko da»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko aza. 1a, 08:02

Guraso Eskoletan jorratu izan ditu heriotza eta dolua Joxe Amiama pedagogoak. Gai hauetan aditua ez dela gogorarazten duen arren, horrelako egoeren inguruko lanen jarraipena egin izan du.

EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean irakaslea da Joxe Amiama (Tolosa, 1965). Ikasleen etxeko lanen inguruko tesia egin zuen eta Guraso Eskoletan ere ibiltzen da gaur egun. Heriotzaren inguruan ikertutakoaren jarraipena egin izan badu ere, argi utzi nahi du ez dela gaian aditua.

Zertarako erabili beharko genuke Santu Guztien Eguna? Beharrezkoa ikusten duzu horrelako egun bat ospatzea?

Heriotza bizitzan bertan dago. Jaiotzea zorte handia dela esan genezake, espermatozoide bat obulu batera iristea kasuistika aldetik kasualitate izugarria baita. Jaiotzen garenean, ordea, elementu batekin jaiotzen gara: hil egingo garela. Bestalde, egunerokotasunarekin bizitza aurrera doa eta noizbehinka, gure bizitzarekin zer egiten ari garen pentsatzeko gelditzea ondo dago. Nire ustez, oso interesgarria da horrelako egun bati zentzu hori ematea.

Gainera, gaur egungo gure gizartean, heriotza baztertu dugu. Historikoki heriotza etxeetan zegoen eta oraindik ere, baserri giroan ala dagoela esango nuke, bertako animaliak jaio eta hil egiten direlako. Baina bestela, heriotza gero eta urrutiago dugula uste dut.

Santu Guztien Eguna bezalakoek, familia biltzeko balio izaten dute maiz eta horregatik, irakurketa baikorra egin dezakegu. Senitartekoak elkartzen garen momentua aprobetxatu dezakegu familiako istorioei hitzak jartzeko, benetan pertsonak ez baitira hiltzen gure sentimenduetan eta buruan baldin badaude.

Naturaltasuna galdu du heriotzaren fenomenoak?

Plano batean bai. Historikoki jendea etxean hiltzen zen eta orduan oso presente zegoen heriotza. Gaur egun, prozesu arruntetan, aukera ohikoena heriotza toki aseptikoetara eramatea da; kliniketara, esaterako. Aldaketa horiekin heriotza baztertu dugu, heriotzarekin batera sufrimendua dagoelako. Sufrimendu hori sanoa da, ordea. Gaiaren inguruko autore batzuek diote dolua egitea dohain bat dela eta pertsonak berezkoa duela gaitasun hori. Hori da egin behar dugun ibilbidea eta prestatuak gaude horretarako.

Gizakiak, bere bizitzan pertsona bezala aurrera egiteko, beste pertsonekiko atxikimendua behar du. Lotura horiek oso indartsuak dira emozionalki eta heriotzaren ondorioz harreman horiek hausten direnean, egoera mintsua da atxikimendu horrentzat. Lehen esan bezala, horri aurre egiteko prestatuak gaude.

Geroz eta ohikoagoa da piluletara jotzea heriotzaren aurrean.

Gaur egun, dolua eta tristura hori ez izateko errekurtsoetako bat dira pilulak, ondo lo egin eta deskantsatuagoak egoteko, adibidez. Uste dut, pilulak ondo daudela laguntzeko baina sufritu ere egin behar da. Hau da, ezin dugu tapatu sufrimendua, bestela beste momentu batean sortuko delako.

Lehen normaltasun gehiagorekin ikusten zen egoera?

Nire iritziz, betiereko gaztetasunean bizi nahi dugu. Hori historikoki erraz ikusten zen ez zela horrela. Erreferentzia bezala janzkera hartuz, lehen, umeak galtza motzetan ibiltzen ziren eta momentu jakin batean hasten ziren praka luzeak janzten. Prozesuak beste etapa bat zuen, soldaduskara joan eta handik gizon bilakatuta itzultzen zinen. Ondoren, lanean eta bikote batekin hasten zinen. Prozesu horretan etapak erretzen ziren, baina gaur egun ez. Orain, 60 bat urterekin hogeikoek bezala jantzi nahi izaten dugu, edo umeak pertsona nagusien gisan janzten ditugu. Gaztetasun makro-espazio bat sortu dugu eta mundu horretan heriotza ezin duzu aipatu, heriotza bizitza aurrera doala esatea baita. Azken finean, heriotza debaluazio bat da, beti dago hor, eta iristen denean kolpea handiagoa da orain.

Gero, beste arazo bat dago gaur egun. Azken finean dolua galeraren ondorioa da: lana galtzen dugunean, gazte batek irakasgai bat gainditzen ez duenean edota animalia bat hiltzen zaigunean, dolua sortzen da. Horrekin batera emozio batzuk etortzen dira, frustrazioa edo amorrazioa, adibidez. Egoera horiek txikitatik lantzen badira, prestatuagoak egongo gara pertsona baten heriotzari begira. Noski, beti izango da astindu handia pertsona garrantzitsu baten heriotza, baina horri aurre egiteko gaitasuna izango dugu. Baina heriotza batekin topatu arte frustrazioa ukatzen baldin bada, handiagoa izango da kolpea.

Nola definituko zenuke dolua?

Dolua galera bat bideratzeko daukagun errekurtsoa da. Galera bat daukagunean, automatikoki dolu prozesua sortzen da eta prozesu horrek fase batzuk dauzka. Lehenengoa ukatzea da. Bigarren fasean, plano emozionalean sartzen gara eta horren ondorioz sortzen dira amorrua eta haserrea, esaterako. Hirugarrenean, galera onartzen hasten zara eta tristura sortzen da. Orduan hasten gara negarrez. Tristura, ordea, pasa egin behar da. Argi izan behar dugu tristura ez dela depresioa, oso gauza sanoa dela. Nire lagun batek dioen moduan, malkoak dira bihotzeko ur oxigenatua eta noski, mingarria da maite duzun pertsona bat negarrez ikustea baina egia esan, horixe da tristura. Eta hortik pasa beharra dago galera onartzeko. Dolu prozesuaren azken fasea da esker oneko oroimenarena. Fase horiek guztiak galera guztietan ematen dira gutxi gorabehera.

Erreferentzia moduan esaten da, heriotza kasuetan doluaren fase hauek bi edo hiru urteren bueltan ez badira gainditzen, arazoa patologiko bihurtzeko arriskua dagoela. Ez bada arazoa denbora jakin batean bideratzen, orduan bai, beste laguntza mota batean pentsatu beharko genuke.

Heriotza tabu bilakatu da?

Historikoki ez zen tabu bertan zegoelako, gerora, aldiz, bai izan dela. Nik uste dut, bizi kalitatea igo zenean bilakatu zela tabu eta ikusi besterik ez dago gai honetaz hitz egitea zenbat kostatzen den. Azken urte hauetan, ordea, gaiari aurre egiteko fenomenoa ikusten ari naiz. Alde batetik, harrituta geratu naiz heriotzari buruz hitz egiteko eskaera jaso dudalako guraso eskoletan. Horrek esan nahi du gaia dagoeneko ez dela tabu, beldurrarekin bada ere heriotzari buruz hitz egiten delako. Materialak ere sortu dira eskoletan gai hau modu proaktibo batean jorratzeko.

Nola hitz egin behar zaio heriotzari buruz haur bati?

Lehenengo eta behin, heriotzari buruz eskoletan ere hitz egin behar da. Familietan ere bai, nahiz eta zaila den gurasoentzat, lupa emozionalak garelako. Gurasook, haurrak triste ikusten baditugu, triste jartzen gara eta haurrak pozik ikusten baditugu, pozik. Horregatik, askotan, haurrak triste ez ikusten saiatzen gara gurasoak.

Hasieran, bost edo sei urtera arte, haurrek uste dute heriotza itzulgarria dela. Hortik aurrera, heriotza atzeraezina dela konturatzen dira baina beraiekin zerikusirik ez balu bezala ikusten dute. Nerabezaroa oso momentu delikatua da heriotza kasuetarako, gaztetxoa kili-kolo dagoelako garai horretan.

Guraso moduan, itxaroten jakin behar dugu. Umeek heriotzaren inguruko galderak egiten dituztenean, beraiek hori landu dutelako eta neurri batean, horri aurre egiteko prest daudelako egiten dituzte. Horregatik, beti esaten diet gurasoei erantzunak aurretik pentsatu behar dituztela. Zergatik? Seme-alabek edozein momentutan galdetzen dutelako. Gainera, horrelako galderak egiteko harremana erabat zuzena ez den egoerak baliatzen dituzte haurrek; otordu bat edo kotxeko bidaia, adibidez.

Jorratzen dute irakasleek gai hau ikasgelan?

Gaia tratatzeko materialak badaude eta uste dut, irakasle batzuk ausartzen direla eta sartzen direla gai hori tratatzera. Baina askotan, heriotza eskolara ailegatzen denean hasten dira gai honekin. Niri horrek pena ematen dit, heriotza gure bizitzaren parte delako.

Egia esan, badakit eskola batzuk protokolo bat egin dutela horrelako kasuei begira. Hau da, ikasle edo irakasle bat hiltzen denean eskola moduan zein pauso emango dituzten jaso dituzte protokoloan. Hori garrantzitsua dela uste dut, heriotza kasuren bat eskolara iristen denean nola jokatu jakiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!