Elizak galdetu gabe bereganatu dituenak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2016ko api. 3a, 11:51

Legearen salbuespen bat erabiliz ehunka ondasun jarri ditu eliza katolikoak bere izenean Euskal Herrian. Tolosaldean gutxienez 67 erregistratu ditu bere izenean 1978 urteaz geroztik. Dagoeneko legea aldatu bada ere, jabegoa mantenduko du elizak. 

Urtarrilaren 22an eman zuen albistea Berriak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 525 ondasun bereganatu ditu elizak. 1.612 omen dira guztira Hego Euskal Herrian lortutakoak Nafarroakoak ere kontatuz gero. Eta Tolosaldea ez da horretaz salbu egonÍž gutxienez 67 ondasun bere izenean erregistratu ditu elizak 1978. urtetik hona.

[TOLOSALDEKO IMMATRIKULAZIOEN ZERRENDA]

Erregistratutako ondasun horiek eliza katolikoak immatrikulazioaren bidez egindakoak dira, askoz ere gehiago baitira donazio moduan ere jasotakoak. Baina zer da ondasun bat immatrikulatzea? Lursail bat lehen aldiz erregistratzea da eta ez da horren erraza izaten Jabegoaren Erregistroan tramite hori gauzatzea. Horretarako beharrezkoa da lurraren jabetza baieztatzen duen ziurtagiria. Eliza katolikoa da, ordea, legearen salbuespen aukeraz aprobetxatu ahal izan denetako bat eta horri esker, lurraren jabetza ziurtagiria beraiek sortu ahala izan dute.

Francoren legea, Aznarren oparia

Legeak eliza katolikoari ematen dion pribilegio eskumen hori frankismoaren garaian, 1946an, sortutako Hipoteka Legearen 206. artikuluari esker dago. Espainiako Estatuko konstituzioarekin lege horrek jarraitu egin zuen, nahiz eta zalantzagarria den horrelako pribilegio bat konstituzionala izatea, konstituzioaren 16.3 artikuluan estatua akonfesionala dela esaten baita. Hori horrela, elizak bere izenean ondasunak erregistratu ahal izan ditu publizitate gabeko ezohiko prozedurari esker eta notariotzara joateko beharrik izan gabe. Beste aldean, adibidez, Frantziako Estatuko kasua guztiz desberdina da. Publikoak dira bertako gurtzarako eraikinak.

206. artikulu horretan, ordea, debekatu egiten zitzaion Espainiako Estatuko elizari gurtzarako eraikinak, tenpluak eta ermitak erregistratzea. 1998. urtean baina, Jose Maria Aznar Espainiako Estatuko Gobernuko presidente zela, debeku hori ezabatu eta tenpluak eta antzerakoak immatrikulatzeko aukera ere eman zitzaion eliza katolikoari.

Baina aukera hori legeztatu arte ez zen geldirik egon eliza. Parrokiak eta ermitak immatrikulatu beharrean, berauek zeuden lurrak erregistratzen hasi ziren, erregistroan idatziz oso ongi azalduz tenpluak terreno horien barruan zeudela. Beraz, elizak parrokien eta ermiten terrenoen jabe moduan jarri zuen bere izena, 25 eta 30 euro bitarteko kostuko prozedurari esker.

Tolosaldean ere gisa horretakoak dira immatrikulazio guztiak. Kontuan izan behar da eskuratu ahal izan diren dokumentuak 1978tik gerokoak direla eta horrek ez duela esan nahi urte hori baino lehenago elizak ez zituela jabetza gehiago immatrikulatu eskualdean. Lehena, esaterako, 1977ko abenduaren 9an egin zuen Donostiako gotzain Jacinto Argayak. Ibarrako Izaskun auzoko ermita immatrikulatu zuen Donostiako Gotzaindegiaren izenean.

Eskualdeko immatrikulazio gehienak, berriz, 1983. urtetik 1988. urtera egin zituen elizak Jose Maria Setien Donostiako apezpikua buru zela. Azkena, 1998ko uztailaren 2an egin zen Tolosako Bedaio auzoko eliza eta apaiz-etxea bereganatuz.

Frontoia, baratzeak…

Tolosaldeko immatrikulazioen zerrendan ere denetik aurkitu daiteke. Hala ere, lehen aipatutako formulari esker gurtza eraikinak inskribatu beharrean lursailak jarriz behar baina azalera handiagoa eskuratuta ere badago eliza. Adibide bezala, Alegiako San Juan elizak 966 metro koadroko azalera duela dio katastroak. Immatrikulatzerakoan, aldiz, 2.353 metro koadroko azalera duen lursaila jarri zuen elizak bere izenean, parrokia barne. Berdina gertatzen da eskualdeko beste zenbait parrokiarekin, esaterako Ikaztegietan, Asteasun edota Izaskun auzoko ermitan.

Hilerriak ere immatrikulatu ditu eliza katolikoak eskualdean. Hori da erregistroko orriek diotena Altzoko kasuan. Bertan azaltzen denez, Altzo-Azpiko eta Altzo-Muinoko hilerriak elizaren izenean erregistratuak daude 1983. urteaz geroztik.

Alkizan, adibidez, immatrikulatutako lurrak baina askoz ere azalera handiagoa du bere izenean elizak. Ziur aski donazioen bidez ere lortuak izango dira horietako asko baina elizak ez ditu lursailak saldu nahi izan. Alkizako Udala duela bi urte elizari lursail batzuk erosi nahian ibili zen eta ezezkoa jaso zuen gotzaindegitik.

Legea alde

Lehenik, Nafarroan piztu zen alarma immatrikulazioen kasuen berri jakitean. Bertako hainbat herritar taldek eta udalek bide judizialak aztertzeari ekin zioten elizari immatrikulatutakoen jabetza kentze aldera. Aitzitik, bidea ez da batere erraza. Nafarroan artzapezpikuaren kontra jarritako hainbat auzibidetan, elizaren aldeko erabakia hartu dute epaileek, immatrikulazioak martxan zegoen legeari jarraiki egindako erregistroak izan zirela justifikatuz.

Elizak immatrikulazioen bidez eskuratutako jabetzak baliogabetzeko aukera, beraz, Espainiako Estatuko Auzitegi Konstituzionalak du. Horretarako, Hipoteka Legea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi beharko luke epaitegiak. Hala ere, frankismo garaiko legeei helegitea jartzeko epea 1980. urtetik agortuta dago eta beste bide posible bat Estrasburgora jotzea izan liteke.

Momentuz, Espainiako Estatuko Kongresuak Hipoteka Legea aldatu zuen 2015eko ekainean eta horri esker, elizak ezingo ditu bere izenean erregistratu ondasunak horien jabetza frogarik gabe. Orain arte eskuratutakoek, hala ere, elizaren esku jarraituko dute. Pasan den urteko ekainean bertan ere, EH Bilduk immatrikulazioen gaia Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrera eman zuen eta EAJren eta PSE-EEren babesarekin legez besteko proposamena onartu zen, eliza katolikoak 1978. urtetik aurrera immatrikulatutako ondasunen zerrenda eskatuz.

Tolosako Udaleko urtarrileko ohiko plenoan ere immatrikulazioen gaia atera zen mahai gainera. Tolosako EH Bilduko hautetsi Ibai Iriartek «kezka» agertu zuen «elizak Tolosan bere izenean jarritako herri ondasunen» inguruan. Lan talde bat eratzea eskatu zuen Iriartek «prentsan agertutako informazioa egia ote den aztertzeko eta baldin eta egia bada, zein irtenbide eman daitekeen ikusteko ondasun horiek berriro ere herriaren esku geratzeko». EAJren udal gobernuaren aldetik Jokin Azkue zinegotziak gaia aztertuko dutela erantzun zuen eta ez daudela itxita lan talde hori osatzeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!