Astea ekitaldiz jantziko da Aizkardiren mendi astean

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 20a, 12:42

Datorren ostiralean ezagutaraziko dira argazki rallyko irabazleen izenak.

Igandean ekitaldi batekin nolabaiteko hasiera eman bazioten ere, «ofizialki» datorren asteartean hasiko da Aizkardi Mendizale Elkarteak urtero-urtero antolatzen duen mendi astea.

31. ediziora iritsi da mendiaren inguruko astea eta pasa den igandean izan zen zazpigarren argazki rallya. Goizean goizetik, eguraldia lagun, hasi ziren lehian argazkilariak eta «sustraiak» gaiaren inguruko argazkiak landu behar izan zituzten aurretik aukeratutako ibilbidean zehar.

Astelehenetik aurrera argazki rallyko 30 parte hartzaileek aukeratutako hiruna argazki ikusgai egongo dira 19:30etik aurrera Gurea Zinema aretoaren sarreran. Parte hartzaile horietatik zortzi 12 urte azpikoak izan ziren eta publikoaren botoa emateko kutxa jarriko dute aretoaren sarreran ostegun iluntzera arte.

Astean zehar, proiekzioak egongo dira Gurea aretoan 20:00etan eta aurten, eskaladaren ingurukoak izango dira denak.

Ostiralean, urte honetako irteeren argazkiak proiektatuko dira eta ondoren argazki rallyko sariak banatuko dituzte. Igandean amaituko dute mendi astea bost edo sei orduko mendi ibilaldiarekin eta ondoren Aizkardikoek egingo duten bazkariarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!