«Lehen bertsioa lau astetan egin nuen»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 17a, 14:55

Lasa eta Zabala filmaren gidoilariari elkarrizketa.

Gustura dago Joanes Urkixo (Bilbo, 1955) Lasa eta Zabala filmaren emaitzarekin. Gidoigile profesional moduan telebistan eta zineman lan egin du. Aurten, Pedro Maloren zuzendaritzapean, Lasa eta Zabala irudietara eraman arte, Querida Bamako filma zen bere azken lana zinema munduan.

Nola iritsi zitzaizun gidoi hau idazteko aukera?

Aspaldiko asmoa zen hau. Noiz edo noiz hitz egin nuen Joxe Portela produktorearekin, ez bakarrik Lasa eta Zabalaren gaiari buruz, antzeko beste kasuen inguruan ere bai, esaterako Santi Brouarden eta Zabalzaren hilketei buruz ere. Beti pentsatzen genuen ez zela momentua istorio hauek irudietara eramateko gutxieneko baldintzak ematen ez zirelako. Bazterrean uzten genuen ideia, noizbait betetzeko asmoarekin.

2013 urtearen hasieran edo, bat-batean, goiz batean esnatu eta nire buruari esan nion «hauxe da aukera, baldintzak eman dira eta aurrera». Orduan, dokumentatzen hasi nintzen eta konturatu nintzen Lasa eta Zabalaren kasua ondoen dokumentatua dagoenetakoa dela eta balio sinboliko bat daukala GALen lehenengo ekintza izan zelako, kronologikoki esanda.

Honela, inori tutik esan gabe birdokumentatzen hasi nintzen. Kasu hau 17 urtetan zehar luzatu zen eta nahiz eta gogoan izan, zertzelada guztiak batzerakoan harrituta eta hunkituta geratu nintzen. Berehala ikusi nuen zer balio dramatiko zuen istorioak. Orri batzuk batu nituenean, Joxe Portelari erakutsi nion egindakoa eta berehala ETBrekin harremanetan jarri ginen. Hasiera hartan ez genuen argi zinemarako filma edo telebistarako bi ataleko telesaila bilakatuko zen gure proiektua. Hamabost egunen buruan ETBrekin bilduta geunden eta filma egiteko aukera ikusten zutela esan ziguten. Honelaxe hasi ginen.

Noiz hasi zinen gidoiari forma ematen?

Pazko astearen biharamunean hasi nintzen gidoia idazten. Gidoiaren lehen bertsioa lau astetan egin nuen.

Zenbat bertsio izan ditu gidoiak?

Oker ez banago filmatzera eraman zen bertsioak zortzi zenbakia zeraman. Nik idatzi dudan azken gidoia zazpigarrena izan da berez, baina zuzendariak filmazio aurretik egiten dituen egokitzapenekin, zortzigarrena osatu da.

Norengana jo duzu dokumentazio lana egiterako orduan?

Lehenik eta behin, hasierako dokumentazio lana, inori erakutsi aurreko hori, interneten eta hemerotekaren laguntzarekin osatu nuen. Ondoren jo genuen Lasa eta Zabalaren familiengana.

Zer jaso duzue familiengandik?

Gidoiaren lehen bertsio hori erakutsi genien, gure asmoa eta ikuspegia zein ziren jakiteko. Beraiei kosta egin zitzaien, hasiera batean, ikuspegi sentimental batetik edo, hori onartzea. Apurka-apurka ikusi zuten gauza interesgarria baino beharrezkoagoa zela filma egitea eta beraien berme guztia eman ziguten. Orduaz geroztik harremanetan egon gara beraiekin denbora guztian eta gainontzeko dokumentazioa ere eman ziguten. Konkretuki, Ramon Sola kazetariak idatzitako baina argitaratu gabeko liburu moduko bat. Hor, sumarioa eta epaiketa batzen ditu Solak, zehazkizun askorekin.

Zehazkizunak oso garrantzitsuak dira eszena bakoitza osatzeko momentuan eta konkretuki, Ramon Solak, gerora garrantzia handia izan duen zehazkizun bat aipatzen zuen dokumentu horretan. Halako batean aipatzen zen Iñigo Iruinek, familien abokatuak, laguntzaile bat izan zuela.

Guretzat detaile garrantzitsua zen gidoirako abokatuak laguntzaile bat izan zuela jakitea. Lehen bertsioan bakarrik egon zen abokatuari, hitz egin, eztabaidatu eta bere burua adierazteko aukera emango zion laguntzaile bat eduki zezakeela pentsatu genuen detaile honi esker.

Gertaera erreala izateak zertan laguntzen dio istorioari?

Erreala izateak asko ematen dio istorioari. Istorio hau aukeratu genuen, lehenik eta behin, bere dramatismoagatik. Gehienetan errealitateak fikzioa gainditzen du eta kasu honetan horrela izan da bere gogortasun eta gordintasunagatik. Zentzu honetan, errealitatea kontatzea ia-ia aski zen istorio benetan dramatiko bat osatzeko.

Bestalde, errealitatea fikziora eramateko orduan kontutan eduki behar izan genuen istorio hau 17 urtez luzatu zela. Honek zailtasun bat suposatzen du, metraje luzeko film batek ez baitauka horrenbeste urtetako arku-dramatikoa eskaintzerik. Honenbestez, azkenean, istorioa fikzionatu behar izan zen.

Egindako ikerketa lana protagonista bilakatu duzue filmean.

Bi gazte hauei gertatu zitzaiena oso tarte laburrean gertatu zitzaien eta gertatu zenari buruz oso gutxi dakigu. Hortaz, istorio osoa beste begi batzuen bitartez ikusi beharra zegoen. Eta nor egon zen prozesu osoan? Familien abokatua. Abokatua zen pertsonaia egokia gure ustez eta istorioa bere begietatik ikustea erabaki genuen. Iruinek abokatu normal bat bezala jokatu zuen errealitatean baina fikziozko istorio bat kontatzerako orduan beharrezkoa den arku-dramatikoa behar genuen. Azkenean, ez genuen beste erremediorik eduki abokatuaren zertzelada pribatuak fikzio bihurtzea baino.

Honenbestez bi plano dauzkagu. Lehenik, sumarioa, Lasa eta Zabalari gertatutakoa eta epaiketa. Hau errealitate hutsean oinarritzen da. Eta ondoren abokatuaren eta bere laguntzailearen harreman pribatua dugu. Azken honetan sartu dugu fikzioa.

Gidoia idatzi duzun momentuan, nola kontatu nahi izan duzu istorioa?

Hasiera batean garbi zegoen gazte hauei gertatutakoa eta Estatuaren terrorismoaren kasu adierazgarri bat kontatu nahi genuela. Gero, lanean aurrera egin ahala eta familiekin egon eta beraien sentipenetara hurbildu ginen heinean, pertsonalki esan dezaket istorioaren benetako biktimengana iritsi nintzela: senideengana. Neure egin nuen Pili Zabala eta Axun Lasak publikoki adierazten duten mezua: elkar ulertzearena, barkamenarena, mendekurik ezarena baina justiziarena. Nolabait, nire lana, mezu hau kontatu beharra bilakatu zen.

Film honen kontakizuna bezalako gehiago egin beharko lirateke etorkizunean?

Jakina baietz. Zinemaldian estreinatu ondoren kritika ezberdinak luzatu zizkiguten, esaterako: istorio honekin ez dugula konpentsatu euskal konfliktoa oro har, nolabait, kontatu dugunarekin beste aldeko krimenik kontatu ez dugula leporatu digute. Guk egin dugun filma ez da euskal konfliktoari buruzko istorio bat, guk Lasa eta Zabalaren istorioa kontatu dugu. Film honen ostean ikusten badugu bestelako istorioak etorri direla eta ikuspegi desberdinak erakusten dituztela, pentsatuko dugu gure pelikulak zer edo zertarako balio izan duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!