Zigor Leunda: «16.400 bat pegatina dauzkat gordeta nire etxeko ganbaran»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 9a, 12:20

Zigor Leunda eta Euskal Herriko txoko desberdinetako hainbat bildumazalek pegatinen erakusketa eta trukaketa antolatu dute, larunbatean, Villabonako gaztetxean.

Zaletasun berezi batek eraman du Zigor Leunda (Amasa-Villabona, 1978) pegatina zaleen topaketa antolatzera. Larunbatean, 10:30etik aurrea milaka pegatina ikusi eta trukatzeko aukera paregabea izango dute Villabonako gaztetxera hurbiltzen direnek.

Nolatan antolatu duzu pegatinazaleen topaketa Villabonan?
Urtero antolatzen dugu  topaketa eta gure funtzionatzeko modua probintziaz probintzia antolaketa txandatzen joatea da eta aurtengoan Gipuzkoan izango da. Lehen aldia izango da topaketa hau Villabonan egingo dugula. Ibarran eta Arrasaten beste edizioren bat egin da eta Bizkaiako, Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako beste zenbait herritan ere ospatu dira beste edizioak.

Nola eta noiz sortu zen ideia hau?
Ez dakit ziur noiz sortu zen ideia hau, ni ez bainintzen hasierako edizioetan egon. Aspalditik egiten dut bilduma baina duela bospasei urte ezagutu nuen nik bilduma egiten zuenetako bat. Bere bitartez hasi nintzen topaketa hauetara joaten.

Zer aurkituko dute larunbatean gaztetxera gerturatzen direnek?
Batik bat pegatina mordo bat. Argitu nahiko nuke erakusketa egun bat baino gehiago, trukaketa egun bat dela larunbatekoa. Pegatinak biltzeko afizioa dugunak bildu eta urtean zehar jasotako pegatinak beste pegatineroekin trukatzeko eguna da. Hala ere panel batzuk jarriko ditugu pegatinekin erakusketa moduan baina batik bat trukaketa egun bat da.

Urtean zehar harremanik ba al duzue Euskal Herriko pegatinazaleek?
Bai, bai. Garai hauetan teknologiari esker oso erraza da gure artean kontaktuan mantentzea eta badugu WhatsApp taldea bat, adibidez. Urtean zehar biltzen ditugun pegatinen berri bertan ematen diegu gainerako taldekideei eta lanak ere banatzen ditugu pegatinak eskuratzeko.

Nola hasi zinen pegatinak biltzen?
Egia esan ez dakit. Hamalau urterekin edo pegatinak klasifikagailuan jartzen hasi nintzen. Hor itsatsita hondatu egiten zirelako gordetzen hasi nintzen arreta handirik jarri gabe. Duela urte batzuk ezagutu nuen bilduma egiten zuen lagun bat eta animatu egin nintzen nituen pegatinak sailkatu eta antolatzera eta gehiago eskuratzera.

Herrietako festak pegatinak eskuratzeko plaza paregabeak izango dira.
Inguruko festa gehienetara gerturatzen saiatzen naiz, batez ere udaran. Asteburuan ia-ia beti azaltzen naiz eta astean zehar ere joaten saiatzen naiz. Ez zait gustatzen jendeari enkarguz pegatinak ekartzeko eskatzea baina nire zaletasunaren berri duten inguruko lagunak ekartzen dizkidate pegatinak noizean behin.

Zer da zuretzat pegatina bat?
Niretzat altxor bat da pegatina bat eta batik bat momentuko informazioa ematen duen dokumentu bat. Pegatina bat, azken finean, helburu jakin batekin ateratzen da eta momentu jakin batean.

Zenbat pegatina dituzu zure bilduman eta non gordetzen dituzu?
Gutxi gorabehera 16.400-16.500 pegatina inguru dauzkat gordeta etxeko ganbaran. 45 bat albumetan banatuta ditut denak, plastifikatuta, kalitatea ez galtzeko.

Nolako pegatinak dituzu gehienbat zure bilduman?
Ezker abertzalekoak dira dudarik gabe gehien ditudan pegatinak. Hala ere, ez ditut ideologia guztietakoak biltzen. Euskararen inguruko pegatinen bilduma egiten dut, futbol taldeetako zaleen pegatinen bilduma egiten dut eta ezker iraultzailearen pegatinak biltzen ditut. Nahiko bilduma berezia da nirea.

Pegatina zaharrak biltzea izango da zailena.
Bai, dudarik gabe. Pegatina zaharrak lortzea oso-oso zaila da. Beste pegatinero batek pasatzen ez badizkizu... Tarteka gertatu izan zait baten batek etxean gordeta zituen pegatinak kaxa batean ematea eta izugarrizko altxorrak aurkitzea.

Zein da bilduman duzun pegatina zaharrena?
1976 urtekoa edo 1977koa dela uste dut baina ez nago ziur. Gaur egun pegatinak jasotzen ditugunean atzean datatu egiten ditugu baina zaharretan ez zen hori gertatzen.

Eskuratzeko bada pegatina zailik?
Asko kostatzen zaigu Iparraldean ateratako pegatinak lortzea bertan pegatinazalerik identifikaturik ez dugulako. Nafarroa hegoaldean ere berdina gertatzen zaigu.

Denborarekin ere pegatinen diseinua aldatu da.
Garai batean zuri-beltzean egiten ziren pegatinak eta gehienez ikurrinaren koloreak izaten zituzten. Gaur egun, pegatina distiratsu eta koloredunak egiten dira. Hala ere, niretzat zaharrak balore gehiago dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!