Emakumezkoen futbola: harrobia esperantza iturri

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 2a, 11:13
Goian: Henar, Cristina, Joana, Amaia, Amagoia, Leire, Mirari. Erdian: Marcos(Entr.), Mireia, Aiora, Izaro, Sebas (Ord.), Janire, Aitziber, Nora, Jesus. Azpian, Nerea, Alazne, Maddi, Mar, Cynthia, Mireia, Izaro. Eli falta da.

Emakumeen futbola goraka doa, eta Tolosak aurtengo denboraldiari begira zazpi talde ditu. Antxon Iglesias emakumezkoen futbol saileko koordinatzailea elkarrizketatu du Atariak.

Asteburu honetan ekingo dio Emakumezkoen Euskal Ligako futbol taldeak denboraldi berriari Santurtzin. Pasa den denboraldian hirugarren geratu zen Santurtziko Athletic Peña eta proba polita izango dute Tolosako neskek aurten ligan egin dezaketena ikusteko. Pasa den urtean azken jardunaldian lortu zuten Euskal Ligan mantentzea urdiñek nahiz eta azkenean sailkapenaren erdi-erdian amaitu zuten, zazpigarren postuan, alegia.

Indartsu dago emakumezkoen futbola Tolosan eta horren erakusle da aurtengo denboraldian egongo den talde kopurua. Euskal Ligako taldeaz aparte beste sei talde osatu dira 2014-2015 denboraldirako. Honela, jubenil mailako taldea, kadeteen taldea, infantil mailan bi talde eta alebinetan beste bi talde daude futbolean entrenatzen. Alebinetan 60 neska inguru daude Tolosa CFren futbol eskolan izen emanda.

Iaz hasi ziren neskei futbol eskolan arreta berezia ematen, futbol eskolan gehiengo handiena mutilak dira eta neskak gehiago animatzeko intentzioarekin aurten aparteko egun batean entrenatzen hasiko dira, gaur 18:30ean.

Tolosan asko lantzen ari dira emakumezkoen futbola orain dela urte batzutatik ona eta egoera bikainean dago emakumezkoen futbol sekzioa. Harrobia lantzen esfortzu berezia egiten ari dira eta dagoeneko emaitzak ikusi daitezke. Honen erakusle dira Euskal Ligako taldea osatzen duten jokalariak. Beraiek izan dira aitzindariak Tolosako emakumeen sekzioan, jokalariek eta jokalarien familiek esfortzu handia egin dute taldea aurrera ateratzeko hasieratik eta eduki dituzten oztopo guztiak gainditu dituzte.

Euskal Liga jokatzea lortu dute Tolosako neskek eta harrobiarengan esperantza badago taldeak hobetzen jarraitzeko.

_______________________________________________________

Antxon Iglesias. Emakumezkoen futbol saileko koordinatzailea

«Iazko momentu estu horiek ez pasatzea da aurtengo helburua»

Emakumezkoen taldeak koordinatzen baditu ere, Euskal Ligako taldearen entrenamenduetan astean behin gutxienez parte hartzen du Antxon Iglesias tolosarrak. Pozik dago emakumezkoen futbolean dagoen mailarekin baina oraindik lan handia egiteko dagoela dio.

Nola sumatzen duzu Euskal Ligako taldea?
Orain arte beraiena baina goragoko kategorietan jokatu duten neskek osatzen dute taldea eta aitzindariak izan dira, modu batean, taldea osatzen duten jokalariak. Talde polita dago eta itxaropena dugu beraiengan. Kategoria gogorra da Euskal Liga eta entrenamenduei garrantzia ematea nahi dugu.

Zein aldaketa egon dira taldean?
Urtero hiru edo lau jokalarik uzten dute taldea eta harrobiko jokalariekin osatzen dugu berriro ere. Kalitateko jendea dator atzetik eta aurten 21 jokalariko taldea osatzea lortu dugu. Ikasketekin eta abar entrenamendu batzuetara kale egiten duenjendea dagoenerako garrantzitsua da jokalari asko izatea.

Pasa den urtean, amaieran salbatu zineten.
Lengo urtean ez zegoen talde txarra baina azkenean egoera horretan aurkitu ginen. Emaitzek ez zuten lagundu eta jubeniletatik igo ziren jokalariek asko lagundu zuten taldea mantentzeko helburua lortzen.

Zein helbururekin hasten du liga taldeak?
Iazko momentu estu horiek ez pasatzea da helburua. Hortik aurrera ikusiko dugu zer egin dezakegun. Lehen esan bezala entrenamenduen garrantzia azpimarratu nahi diegu jokalariei eta jokoa hobetzea. Emaitzak etorriko dira.

Zein estilo du taldeak?
Aurrealdean jokalari oso bizkorrak ditugu aurten eta hori garrantzitsua da. Bestalde, atzealdetik jokatzen hastea nahi dugu aurten. Pasa den denboraldian baloi luzeekin jokatzen zuen taldeak, atezainak edo atzelariek baloia gora bidaltzen zuten sarri. Jokalari oso teknikoak daude taldean baloi eduki eta jokatzeko, jokalariek futbola eginez gozatzea lortu nahi dugu.

Apirilean amaitzen da Euskal Liga.
Bai eta ondoren kopa izaten da. Nahi duenak parte hartzen du bertan eta pasa den urtean lehen kanporaketan kanporatu gintuzten. Garai txarra izaten da talderentzat, jokalari gehienak ikasleak dira eta azterketa garaiarekin batera jokatzen da.

Egutegia

1. Ath. Santurtzi - Tolosa Urr.05
2. Tolosa - LantaronUrr.12
3. Berri-Otxoa - Tolosa Urr.19
4. Tolosa - ErandioUrr.26
5. Beasain - Tolosa Az.02
6. Tolosa - Zarautz Az.09
7. Barakaldo - Tolosa Az.16
8. Tolosa - Gasteiz Az.23
9. Arratia - Tolosa Az.30
10. Tolosa - Hernani Abe.07
11. Leioa- Tolosa Abe.14
12. Bizkerre - Tolosa Urt.04
13. Tolosa - Eibar Urt.11
14. Tolosa - Santurtzi Urt.18
15. Lantaron - Tolosa Urt.25
16. Tolosa - Berri-OtxoaOts.01
17. Erandio - Tolosa Ots.15
18. Tolosa - Beasain Ots.22
19. Zarautz - Tolosa Mar.01
20. Tolosa - BarakaldoMar.08
21. Gasteiz - Tolosa Mar.15
22. Tolosa - ArratiaMar.22
23. Hernani - Tolosa Mar.29
24. Tolosa - Leioa Api.12
25. Tolosa - Bizkarre Api.19
26. Eibar - Tolosa Api.26
Lehen jardunaldia: Igandean, Santurtzin, 18:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!