Koronabirusa

Zer moduz?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2020ko api. 4a, 19:58

Errutinari ostikoa emanez iritsi zitzaigun itxialdia. Geratu etxean eta animo, segi aurrera. Nola? Zer pasako da? Zer egin?... 

Konturatzerako, astun edo arin hiru aste pasata. Ez dakigu zenbat luzatuko den, baina argi dago egoera berezi bat sortu dela eta honi aurre egiteko errutina bat sortu behar izan dugula. Bada, eguneroko berri honetan benetan arduratu nauen gai bat: itxialdiak sortu dezakeen kalte psikologikoa.

Ezer gutxi dakit honi buruz, baina badakit konfinamenduak era askotako ondorioak sor ditzakeela pertsonengan, bai isolamenduagatik eta bai jasotzen dugun eguneroko informazio kopuruagatik. Laguntza profesionala egon badago, eta ezin hobe lanean gainera. Baina, guk, zerbait egin dezakegu ingurukoen hutsune eta beldurrei laguntzeko? 

Bada, eguneroko berri honetan benetan arduratu nauen gai bat: itxialdiak sortu dezakeen kalte psikologikoa

Lau pareten artean hainbeste denbora igarotzea ez da erraza, eta hori, inongo eraso edo jazarpenik gabe elkarbizitzeko zortea baduzu. Bakarrik edo jende gehiagorekin bizi, eremu horretatik at komunikazio espazioak izatea beharrezkoa da, eta badakit, askok ez dutela espazio horietaz gozatzeko aukerarik.

Dei batek edo Zer moduz? esaten duen mezu sinple batek, norbaiten edota zerbaiten parte zarela sentiarazten dizu, beste pertsona horren munduan tartea duzula. Niri balio dit. Ezinegon edo momentu txarrei erantzuna emateko ezinbestekoak dira pertsonen arteko komunikazioa bideratzen duten zubiak sortzea.

Nire ustez, egoera hauek kudeatzea ezin da ardura indibidual gisa utzi; erantzun kolektiboak dira eraginkorrenak, baina horrek lan ikaragarria dakar. Beste pertsona baten edo batzuen aurrean zure barrua biluztea ez da erraza; sentitzen duzuna azaleratu beharra daukazu, zure beldurrak eta kezkak erakutsiz. Luze joan daiteke, baina askatze prozesu horrek ematen dizun ausardia eta indarrak ikaragarri merezi du. Zaindu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!