Eskaparateak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2020ko urt. 26a, 19:59

Ikaragarrizko zortea dut dudan lagun taldea izateagatik. Ia larunbatero elkartzen gara adin bereko 12-13 neska-mutil, astean zehar bizitako esperientziak elkar banatzeko asmoz. 

Aurrekoan berdin, bapo afaldu eta etxera joan aurreko tragoa hartzera abiatu ginen. Dena ondo zihoan 20-23 urteko mutil gazte kuadrilla bat ondoan jarri zitzaigun arte.

Horietatik bi kide elkarri lepotik helduta gure atzean jarri ziren, June eta Ixone seinalatuz: «Beida hau… bff», «Hi, ta beste hoi ze?». Euren gorputzak salgai egongo balira bezala. Ze nazka. Nire lagun Maite gertatzen ari zenaz jabetu eta gazteengana gerturatu zen, gugandik urrundu zitezela esanez, euren jokaera lizunak salatuz.

Nola ez, mutil bikotea guztiz mindu zen. Ea zergatik ezin zuten beraiek bertan egon, ez zutela ezer egin... Gezurra. Gainera, Maite mintzekotan bota zuten: «Igota zaude eh… ez flipatu, ez giñen ari zuri beida…». Ziur gaude egindakoaz ohartu zirela; min eman ziena larunbat honetan lehendabizikoz aurre egin zietela izan zen. Nahiz eta guztion artean aurre egiten saiatu, zentzugabekeriak esaten jarraitu zuten, arrazoia izango balute bezala… Ondorioa? Alde egin behar izan genuen.

Horrelakoak ikusi izan ditut maiz Tolosako tabernetan, baina lehendabiziko aldia izan da mota honetako egoera batean zuzeneko konplizea izan naizela. Zenbat aldiz entzun behar izango ote zuten nire lagunek: «Jatorra da eh, baina mozkortuta doa…», esaldia? Alkoholaren aitzakiak ez du balio. Irain bidez inguruan ditudan ahaldundutako emakumeak minduko dituztela uste badute, jai dute. Bakoitzak hausnartu dezala bere parrandako jarrerez, kontuan izanda entzun nahi izaten ez dugun egiak askotan mina ematen duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!