Haurrei galdetuko bagenie?

Erabiltzailearen aurpegia

Azken aldian lanetik atera eta gorputza astintzeko asmoz kirola egiteko ohitura hartu dut. Ostiralero kiroldegira bidean txundituta gelditzen naiz kirol eskoletara joaten den haur kopuruarekin. 

Bada aldiz, ehunka haur horiek baino gehiago harritzen nauen zerbait: kirol eremuan haurrei begira egoten den guraso eta familia kide kopurua.

Kirol eskolak haurren gozamenera bideratutako espazio askeak izaten dira, arau sinple batzuez gidatzen direnak. Haurrek jolaserako, kirol berri bat ezagutzeko eta beste pertsona batzuekin elkar eragiteko duten espazio horretan behatzaileak egotea haurren kalterako dela guztiz sinistuta nago.

Badakit ezin direla guraso guztiak zaku berdinean sartu, baina bertan egote soilak haurren portaera asaldatzen du, nahiz eta askotan konturatu gabe izan. Eta ez soilik gaztetxoena, baita bertako hezitzaile eta entrenatzaileena ere; nola sentitu zaitezke eroso zure lana auzian jarri dezaketen begiez inguratuta egonda? Hori gutxi balitz, guraso edo familia kide horietatik asko zalelo bihurtzen dira, euren haurrei «pasa!, bota!, korri…» eta horrelakoak oihukatuz (sinesgaitza).

Azkeneko jarrera horien atzean haurrengan proiektatu nahi izaten den irudia egon daiteke, haurra «etorkizuneko proiektu» moduan ikustea, eta hori, ezabatu beharreko zerbait da. Haurra pertsona osoa da eta gauza asko onartu beharra zaizkio, baita batzuetan guretzat deserosoak diren milaka gauza. Kirol eskoletan aritzen diren gaztetxoei, iritzi eta proposamen egile izanda, euren aisia behatzen dutenei buruz galdetuko bagenie?

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!