Chiquitaco can tac

Erabiltzailearen aurpegia

Eguzkitako krema, txapela eta kantinplora. «Piraten bizitza hoberena da!» oihukatzea. Jatorri desberdinetako lagunak egitea. Lotara joatean gurasoen falta sumatzea. Jolasetan izerditan blai aritzea. Denek dute lekua udalekuetan. Ba al da gauza hoberik?

Euforiaz jositako denbora tarte hori etengabeko hausnarketa prozesua bilakatzen da begirale ororentzat (edo horrela behar luke). Zenbatetan pentsatu ote dut gure jarduna haurren aisialdi eta gozamenerako eredugarria ote den, batez ere hizkuntzaren arloari dagokionez. Urtean zehar euskaraz hitz egiten ez duten haurrekin nola jokatu, nola gerturatu gurera derrigortzeko animorik gabe...

Bizi berri dudan udalekuan euskararen aldeko jarrerak egunez egun gora egin du, aurrez finkatu genituen hizkuntza eta komunikazio helburuak lortuz. Errealitatera bueltatzeko zaplaztekoa jaso genuen hala ere azken egunean haurrek egindako disko festako abestien zerrendan euskarazko abestirik ez zegoela ikusita. Aldapan gora entzutean dantza bai, baino gaztelerazko reggaetoi kantak jartzean ikusitako euforia...

Egun bizitzen dugun musika kontsumoa erreparatuta espero zitekeen haurren jokabide hori. Gainera, Go!azen bezalakoak kritikatzen jarraitzen badugu haurrek Sugan edo Sorotan Beleren abestiak ezagutzeagatik, jai daukagu. Begirale eta hezitzaileok euskara abenturak sortu behar dizkiegu haurrei, bai musika eta bai aisialdiko eredu desberdinak eskainiz. Ezin dugu atzean gelditu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!