‘Auto’ kontzeptua

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2016ko abe. 18a, 14:54

Asteburua ate joka genuelako edo, nolabaiteko ero haizez, kopetan koloretako gometxa bana hartuta abiatu ginen etxerantz. Txantxetan hasi zen ikerketa sozial moduko bat egitekotan gelditu ginen, ondotik pasatzen zen jendearen erreakzioak aztertu behar genituelarik.

Asko barrezka pasa ziren, beste askok harrituta begiratu gintuzten... Bizpahiruk ere galdetu ziguten ea zergatik generamatzan kopetak kolorez josirik. Inork ez zigun galdetu ordea soinean jantzita genituen bakero eta oinetakoez. Kasualitatea.

Ez-ohikoa edo berria denarekin asaldatzen gara. Ez-ohikotzat noski, guretzat ohikoa ez dena hartzen badugu. Adina dela, gustuak direla… Gu bezalakoekin elkartzera jotzen dugu, antzekoa den artalde horrek ikaragarrizko segurtasuna ematen baitigu. Garenaz ziur, gure nortasunak berezi egiten gaituela guztiz sinistuta dihardugu. Erreparatzen hasiz gero, gure inguruko guztiek ditugu gustuak komunean, janzteko estilo antzekoa, ohitura eta jokabide berdinak…  Begi desberdinez ikusten dugu gutaz urruntzen dena.

«Ni horrelakoa naiz, honela pentsatzen dut eta hau izan nahiko nuke». Zein punturaino erabaki dezakegu hau? Jaio aurretik ezarrita izaten ditugu gure kontzeptua osatuko dituzten oinarriak. Familia eta lagunen pentsaerak, sexuak, eskolan jasotzen dugunak, publizitateak… Denek dute eragina gure izatea osatzeko garaian. Behin gizartea iritzi kritikoz aztertzeko adinera iristean, egia da, gure autokontzeptua auzian jarri eta eraldatzeko aukera izaten dugula, ikasitakoa desikasteko aukera, gizarteak oinarrian dituen soken gainean dantzan gabiltzala konturatzen baikara.

Nik ere aho batez esaten nuen nire pentsaerak gizarteko artalde homogeneo horretatik ihes egiten laguntzen zidala. Ispilura begiratu eta… Bakero eta zapatilak txukun jantzita, kirola egiteko motxila bizkar gainean, ostiralero errepikatzen den tertulia kafea hartzeko irrikaz… Ah, eta gometxa parea kopetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!