Kale Kantoitik

Ongi etorri, urte berri!

Erabiltzailearen aurpegia

Nire desiorik onenak urte berriari eta zuei guztioi, asmo berriz, ondasun berriz eta batez ere ekintza berriz eta jatorrez betea izan dadin urte berri hau.

Baina dagoeneko urte berria zikindu dute, odolez eta heriotza asmoz zipriztindu dute, lehenbizi Trumpek, mundu honetako munstro ero eta ankerrenak, Irango Suleimani general nagusia erahilez; gero, Australiako suteek milioika koala, kanguru eta beste hainbat eta hainbat animalia eta pertsona hilez; eta hemen, gugandik gertu, eskuin muturreko gizaotso troglodita frankistek, bakea eta elkarrizketa eskatzera parlamentura joandako emakumea irainduz eta heriotz-mehatxuak eginez.

Gaur, asteartez, erabakiko da Pedro Sanchez presidente egiten duten ala ez, eta beldur naiz eskuin mutur estremista horrek mila eta bat trikimailu erabiliko dituela hori hala gerta ez dadin. Hasteko, kolpe militar baten mehatxua egin dute, nahiz eta zaila izan gaurko Europako testuinguru honetan. Baina Hispanistan usteleko botere judiziala hortxe ari da Europako justiziaren aginduak hankartetik pasatzen. Atapuerkako gizaki anker eta gizajale horrengandik ezin duzu gauza on askorik espero. Mehatxuak eta telefono deiak pertsonalak, infinitoak eta beldurgarriak ari omen dira izaten. Ana Oramas kanariarraren eta Revilla kantabriarraren botoa lortu dute jadanik. Kardenalak eta gotzainak ere otoitzean ari omen dira ezkerreko gobernu bat gauzatu ez dadin. Eskerrak pekatari ustel eta saldu horien otoitzak indar handirik ez duen edukiko parlamentuko botazioaren aurrean. Eta oligarkiaren, bankaren eta kapitalaren presioak eta ahaleginak ere ez dira makalak. Eta kuriosoena zera da: azken hauen eraginagatik jende asko miseria gorrian bizi dela, soldata eta lan prekarioak pairatuz, beste pila bat etxegabetuta... Eta, hala ere, hauen arteko jende ezjakin, buruarin eta txoriburu askok eskuin mutur oligarkia zale horri ematen diola botoa. Jende arina oso erraza da engainatzen nonbait. Eta eskuinak, oligarkiak, kardenalek eta instituzioen goi aldean sortu den lapurren mafia ustel horrek ederki erabiltzen du engainuaren amarru hau, jende xehe ezjakinarengandik nahi dutena lortzeko.

Zaila daukagu soseguzko urte oparo bat lortzen. Zaila daukagu ezker kutsu apur bateko gobernu progresista izeneko bat lortzen. Baina, orain ala inoiz ez. Orain lortzen ez bada ezkerreko gobernu hori, glaziazio garai berri bat datorkigu gainera. Eskuin muturrak atzaparrak sartuko ditu gobernuan eta orduan bai klima aldaketa etorriko dela. Presoen auzia ankerki luzatuko da, Katalunyako arazoa presio eltze lehergarri bihurtuko da, langileen lan-baldintzak eta soldatak prekarietate mingarrienean murgilduko dira, giza-eskubideak zulo beltzean ezkutatuko dira...

Baina ez dezagun gal itxaropena. Eta itxaropen horretatik has gaitezen oinarri sendoak jartzen benetako demokrazia eraikitzeko. Lan nekeza eta zaila. Baina bakoitzak ahal duen neurrian horretan ahalegindu beharko du. Jubilatuak bezala. Uste dut une honetan hauexek direla koherenteenak eta kontzientziatuenak: beren eskubideen alde eta ondoren etorriko diren langile guztien alde lanean eta borrokan ari dira, pentsio duinak aldarrikatuz, bizi-baldintza egokiak eskatuz, beren eskubideak lau haizetara zabalduz.

Ea denon artean gai izaten garen eta lortzen dugun bi mila eta hogeia uste eta espero genuen baino urte hobea izatea, bihotzean gorderik edukitzen ditugun asmo on eta proiektu baikor horiek denak betetzea eta mehatxatzen gaituzten laino beltz itsusi horiek denak gure ingurutik uxatzea. Ez da erraza izango, baina saia gaitezen horretan eta bakoitzak eduki ditzakeen desio ezkutu jator horiek denak betetzen eta egiazko bihurtzen.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!