Kale Kantoitik

Ara Malikian, biolin-jotzaile saltinbanki zerutiarra

Erabiltzailearen aurpegia

Ara Malikianen musika entzuten baduzu, haren doinu ezti zerutiarra barru-barruraino sartuko zaizu, baina musikaria bera biolina jotzen eta saltinbankirik handienaren pare akrobazioak egiten ikusten baduzu, txundituta geratuko zara, musika bizi egiten baitu eta salto eta jauzi harrigarri horien bitartez zabaltzen du entzuleen artean bere sentimendu fin, eder, inoiz atormentatua.

Baina nor da Ara Malikian? Jaiotzez libaniarra da, baina bere erroak edo sustraiak Armeniatik datozkio, gurasoak eta aitona-amonak hangoak zituelako eta berak ere bizi du armeniar izaera atsekabez beteriko hori. Txiki-txikitatik hasi zen biolina jotzen bere aitaren eskutik eta 12 urterako bere lehen kontzertu garrantzitsua eman zuen eta Tele Libanon bere musika eskaintzen zuen. Maisu onenekin ikasi zuen biolina. Eta jadanik mundu osoko auditorio, antzoki eta kontzertu areto bikainenetan jo du eta saririk garrantzitsuenetakoak lortu ditu.

Baina zer dauka gizon honek hain berezia egiten duena? Bada gauza asko. Hasteko, bere itxura fisiko argal, tximaluze, bizarluze hori. Gau ilun batean, argilunetan ikusita, beldurra ere eman dezakeena. Baina biolin doinu batzuk entzunez gero laster lasaituko zintuzkeena. Bestetik, bere armeniar eta libaniar jatorriak eman dion malenkonia kutsu barnekoi eta kanpoko hori. Jakin ezazue umetan, Libanoko gerra zibilaren garaian, lurpeko babeslekuetan aritu behar izaten zuela biolina ikasten, horren dakarren karga psikologiko guztiarekin. Baina bere arbasoek askoz egoera latzagoa pairatu behar izan zuten Armenian, Turkiako Ataturk generalak milioi eta erdi armeniar erail zituenean 1915-1918 bitarteko armeniarren genozidio izugarri hartan. Armeniar herria munduan zehar sakabanatu zen, Turkiako general hiltzaile haren atzaparretatik salbatzeko. Eta Malikianen familiak Libanora erbesteratu behar izan zuen. Horregatik bere malenkonia kutsua eta negar doinu fin-fin, leunak hainbat piezatan. Sentimenduen sublimazioa lortzen du bere musika sentieraz beteriko horrekin.

Donostiako Victoria Eugenia antzokian, izan nuen nik Ara Malikianen musika ezagutzeko eta gozatzeko parada duela urte batzuk. Eta txundituta eta hunkituta atera nintzen errezital hartatik. Kepa Junkerarekin eta bere musikariekin batera jo zuen Malikianek. Eta harrigarria da nola ezagutzen zituen euskal musikariak eta gure kantak, hasi Ravelen bolerotik eta abesti herrikoi xumeeneraino. Biolinaren akorde eder, gozo haiek zerutik zetozela ziruditen eta tximaluze haren eskutik entzunda are eta harrigarriagoak egiten zitzaizkidan. Gero, bere arbasoengandik ikasitako Armeniako doinu melankoliko, tristeak jo zituen, genozidio anker haren min zorrotzak sorrarazitako doinu hunkigarriak. Batek baino gehiagok malkoak isuri zituen orduan. Eta gero bere errepetorio aberats eta bariatu horretan doinu alaiagoak eta jostariagoak ere jo zituen, jauzi eta salto egiten zuen bitartean. Doinu bereziki alturen bat jo behar bazuen biolinak, berak ere jauzi izugarria egiten zuen doinuak berak bezain altu egon nahi balu bezala. Baina hau dena perfekzio izugarriarekin.

Eta jakin dut orain dokumental bat egin dutela artistaren bizitzari buruzkoa: “Ara Malikian, una vida entre las cuerdas”. Egia esan gustura ikusiko nuke dokumentala. Baina ez dakit non eta noiz emango duten. Eta Espainiako beste hiriburu askotan bezala, Iruñean, Navarra Arena aretoan, eskainiko du kontzertu handi bat Ara Malikianek, abenduaren 28an, gaueko 21:00etan.

Bizi luzea opa diot Ara Malikian artista handiari eta Armeniako herriari. Bakea eta etorkizun oparoa izan dezatela, merezi dute-eta.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!