Kale Kantoitik

Bullying madarikatua

Erabiltzailearen aurpegia

Behin ere bukatzen ez den belar txarra bihurtzen ari da eskoletako edo gaztetxoen arteko bullying-a. Aurreko astean ere hamahiru urteko mutiko bat hil da gaitz malapartatu horrek itsaslabar malkartsu batera eramanda. Getxon gertatu da, Euskal Herrian, eta gugandik gertu gertatzeak badirudi gogorragoa bihurtzen duela gertakizuna.

Pertsona bat, kasu honetan mutiko bat, bere burua hiltzeraino eramaten duen desesperazioa izugarria izan behar da. Zenbat sufritu ote du gizarajoak mundu hau uzteko erabakia hartzeraino iritsi baldin bada. Gaztetxoa izanik, hegoak bizitzari eta udaberriari ireki behar dizkiozunean, ikusteko zer dagoen nerabeen eta geroxeago helduen munduan, eta hego horiek irekitzeko gogoa eta bizipoza kendu dizutenean..., zerbait gogorra egon da hor tartean. Zerbait gogorra itsutzen zaituena, itxaropena jaten dizuna, mundu hau toki gorrotagarri bezala ikusarazten dizuna.
Eta bullying-a praktikatzen duenak eta horretaz jabetu eta ezertxo ere egiten ez duenak eramaten du sufrikario hori pairatu duena desesperantza egoera horretara. Bullying-a gaiztoa da, zitala, ankerra... aurrean daukazun oraindik osatu gabeko izaki hori deuseztera baitoa bai psikologikoki, bai emozionalki, bai pertsona bezala. Eta askotan ikusi da ondorioak izugarriak direla, batzuen bizipoza eta bizitzeko gogoa guztiz kentzerainokoa; eta hain egoera larriraino iristen ez denean ere, pertsonaren nortasuna, autoestima eta konfiantza galtzerainokoa.
Eta arazo hau oso serio hartu beharra daukagu, belar txarra ugaritu egiten baita erraz, uztaoa belardian bezala. Badirudi bullying kasuak ugaritzen ari direla, eta beti hain larriak ez badira ere, ez dakizu non dagoen muga eta noiz helduko den itzuli ezinezko marraraino. Gaitz malapartatu hau gure artetik erauzteko uste dut Finlandiatik ekarri zutela protokolo edo teknika bat, “torturatzaileak” bere jarrera utz dezan eta hori egiteko besteen babesik sentitu ez dezan. “Torturatzaile” deitu diot bullying-a praktikatzen duenari, egiten duena tortura psikologiko mota bat baita, oso gaiztoa, zentzurik gabekoa eta askotan modu ezkutuan eta disimulatuan egiten dena. Eta okerrena da gehienetan inbidiagatik, ezinikusiagatik, mendekuagatik egiten dela beste inolako arrazoirik gabe. Bat besteak baino ikasle hobea delako, saiatuagoa eta nota hobeak ateratzen dituena; edota, besteak baino aspektu fisiko hobea duelako eta lagunen artean arrakasta handiagoa duelako; edota, arazo fisiko txiki edo handiren bat duelako eta horrekin min eman nahi zaiolako... Eta beste askotan, norberaren konplexuak, autoestima eza, arrakasta falta... gainditzeko eta beste bati min emanez eta hura umiliatuz, zu norbait zarela sentitzeko. Eta hauxe da bullying-ik gaiztoena, denak oso gaiztoak badira ere. Azken honek uste du beste bati min emanez eta hura behean jarriz, norbera altuago geratzen dela, eta ez da konturatzen urkoa zenbat eta gehiago zapaldu orduan eta pertsona kaxkarragoa dela, horrek ez duela zorionik ematen, eta hori egiten duena izan litekeen pertsonarik gaizto eta zitalena dela, gerora delinkuentzian erortzeko arrisku handia duena.
Denok jaio gara mundu honetara zoriontsu izateko eta ingurukoei ere zoriontsu izaten laguntzeko. Eta hori egiten duenak barruan poz berezi bat sentitzen du, “kontzientzia” deitzen diogun horrek ematen diguna. Baina besteen zoriona deuseztuz eta besteen bizia tormentu bihurtuz bizi nahi duenari bere “kontzientziak” esaten dio “hi gizatxar bat haiz, miserable bat” eta bere burua zikina ikusten du, horrek barruko erraiak jaten dizkiolarik eta zorionik eman ez. Horregatik, askotan, torturatzailea, bullying egilea, miserable bat da eta horregatik egiten du, baina ingurukoen egitekoa da pertsona horri galga edo frenua jartzea eta bere jarreraren alde iluna eta ondorio txarrak ikusaraztea. Eta batez ere denon eginkizuna da bullying-a sufritzen duenari gure babes osoa, gure maitasuna eta estimua agertzea, apreziatua, maitatua eta baliotsua senti dadin. Hala bedi!


Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!