Kale Kantoitik

Hitz egin dezagun udaberriaz

Erabiltzailearen aurpegia

Auzitegi Goreneko gizon eta emakume kaxkarrenen erabaki ustelei buruz aritzeko gogorik ez daukat gaur, ezta estatuko fiskaltzak dena fiskaltzeko eta kiskaltzeko duen jokabide maltzurraz ere. Beren kontzientziak behin eta berriz gogoraraziko ahal dizkie egiten ari diren injustiziak eta prebarikazio itzelak.

Hitz egin dezagun gaur udaberriaz eta kirkilez eta tximeletez eta txorien txorrotxioez eta azpitxori eta enaren hegaldi akrobatikoez. Udaberria aurrera doa bere edertasun indartsuarekin. Lorez, hostoz eta bizitza berriz apaindu eta hornitu du gure ingurua. Belar berriak, landareak, zuhaitzak, loreak, sendabelarrak, kukuprakak, mendiko marrubiak... oparotasunean azaldu zaizkigu bazter eta txoko guztiak alaituz eta edertuz. Gainezka egin du naturak eta hizketan ari zaigu: “Begira zer nolako indarra daukadan nik, begira zer nolako edertasunak azaleratzeko gai naizen... Baina, kontuz! Zuek hau dena hondatzen ari zarete! Ez izan artaburuak! Zaindu natura, zaindu zuen Ama Lurra!” Ez ahal diogu entzungor egingo...
Zortea izan dut aurten ere kukua entzuteko, poltsikoan diru pixka bat dudala. Ez zait Kirikiñoren ipuin hartako gizonari gertatutakoa gertatu. Aspaldi batean, emazteak bidali du senarra mendira egur biltzera, esanez: “Kukuak laster joko du eta eraman badaezpada ere diru pixka bat poltsikoan, urte osoan dirua izan dezagun.” Gizona, esaneko, joan da mendira aizkora hartuta eta poltsikoan diru pixka bat duela. Han aritu da goiz osoan egurra bildu eta egurra moztu, baina kukuak “kuku”rik kantatzen ez. “Hegazti malapartatua, nik dirua behin ekarriko eta ez al duk kantatu behar?”, madarikatu zuen kukuaren jokabidea gizonak.
Halako batean lapur batzuk azaldu dira mendian eta esan diote egurgileari: “Eman guri diru guztiak, edo bestela gizon hila zara!” “Ez daukat batere dirurik, bueno praketan txanpon batzuk bakarrik”, erantzun zien. “Ekarri prakak segituan!”, agindu zioten, haien atzetik joan ez zedin, prakak kenduta, lotsatuta.
Prakak eman bezain laster, alde egin zuten lapur haiek gizon haren praka eta txanponekin. Eta hara hor non hasten den kukua: “kuku-kuku-kuku”, “kuku-kuku-kuku” bizi osoan kantatu ez balu bezala. Gizonak bere zorte txarra eta kuku aldrebesa madarikatu zituen: “Lehen dirua neukanean ez duk kantatu eta orain lapurrak prakak eta dirua kendu dizkidatenean hasten al haiz kantari? Kuku madarikatua!!!”
Etxera joandakoan, emazteak ikusi zuen hain errukarri gizona, erdi negarrez eta prakarik gabe, eta galdetu zion: “Zer duzu, gizon, prakarik gabe eta hain goibel?” “Aurten ere pobre jarraitu beharko dugu. Lapurrak etorri arte kukua isilik egon da, eta haiek etorri eta prakak eta dirua lapurtu dizkidatenean, ez da ba hasi eroa bezala kantari?” Hortik aurrerakoa imajinatzen duzue...
Udaberriak hainbeste gauza eder ekartzen dizkigu: zomorroak, zizareak, harrak, kirkilak, matxinsaltoak, mila koloretako tximeletak, ahate, ur-oilo eta mota guztietako hegaztien txita bizkorrak, txorikumeak, arkume, antxume, moxal eta hainbat piztiren ume zoragarriak... Eta ipurtargiak ere bai. Aurten zortea izan dut lehenengo hiru ipurtargi ikusteko. Dagoeneko bide bazterretan, murkoetan, belar eta landarediaren artean ikusiko dituzue  beren argi berde fosforeszentea gauari eskainiz. Argi ederragorik ez dago gau ilunean. Izarren eta ilargiaren pareko bada ipurtargien argi berde zorabiagarria.
Aurten ere bete ditut urteroko nire bi apetak: kukua entzutea, poltsikoan diru pixka bat dudala eta ipurtargiak ikustea, haien ipurdiko argiaren magiaz nire begiak betetzeko eta txundituta geratzeko. Gora udaberria!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!