Kale Kantoitik

Ikatzne

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko ots. 4a, 17:54

Ikaztegietako euskara taldeak pertsonaia bat sortu du, Ikatzne, garai bateko ikazkinen alaba, pertsona jakintsua eta sorginkeria jatorrak gorde dituena denbora luzean. Ipuin baten bidez, bere ondarea eta jakinduria eskaintzen digu Ikatznek. Hauxe da ipuina:

Ikatzne naiz, Ikaztegietako garai bateko ikazkina. Badakizue herri honetan ikatztegiak zeudela eta hortik datorkiola Ikaztegieta herriari izena. Bada, ni txikia nintzenean, herri honetan eta ingurukoetan euskaraz egiten zuen jendeak, euskaldunak ziren. Ni neska koskorra nintzela, kattagorrien, kirkilen, txorien eta ipurtargien laguna nintzen. Denek zioten ni bixkorra nintzela, mendian ibiltzen nintzelako zuhaitzez zuhaitz kattagorriak bezala. Eta kukuari, ipurtargiari eta kirkilari ere euskaraz egiten nien. Eta uste dut denek ulertzen zidatela, denak nire lagunak baitziren. Udazkenean gaztainak, intxaurrak eta urrak biltzen nizkien kattagorriei eta “Etorri, etorri, zuentzako negurako jana badaukat eta...”, esaten nien eta hirunaka eta launaka etortzen ziren janari bila. Hortik diot nik euskara ere ulertzen zutela.
Gero neska gazte nintzela, emakume jakintsu batek (batzuek zioten sorgina zela, baina izatekotan sorgin zintzoa izango zen) erakutsi zidan sendabelarrak eta loreak biltzen. Eta ikazkin asko eta herriko gazte eta ume asko sendatu nuen belar eta lore horiekin egindako ukenduekin. Inguruko herrietatik ere etortzen zitzaidan jendea umea gaixo zeukatela edo norbait gaitz larri batek jota zegoela eta sendatzeko eskatuz. Nik denei esaten nien ukenduaz gain, gaixoari muxu asko emateko eta besarkada estuak ere bai, gaixoak maitasuna eta besteen indarra behar zuela eta. Jendeak esker ona azaltzen zidan, baina nik esaten nien, erakutsitakoa praktikan jarri besterik ez nuela egiten. Eta eskola txiki bat ere ireki nuen nahi zutenak etor zitezen sendabelarrak eta loreak biltzen ikastera.
Helduagoa egin nintzenean mendira joan nintzen ikazkintzan ikastera. Beste ikazkinekin batera gure kantak, istorioak eta bertsoak kantatzen nituen. Denon artean gure hizkuntza aberastu egiten genuen eta kanta berriak ikasi. Hitz desberdinak ikasten hasi ginen: mihilua, pasma-belarra, mihura, ezkia... Horiek denak sendatzeko ere onak dira. Konturatzerako hitz piloa ikasi genuen eta kantuak ere bai, batzuk Bizkaian eta beste batzuk Nafarroan edo Zuberoan abesten zirenak. Herritarrek, aurpegiak belztuta menditik jaisten ginenean, aho-zabalik entzuten zituzten gure abestiak, ipuinak eta istorioak.
Nik ez neukan besteek baino meritu handiagorik, baina denek goraipatzen zuten Ikatzneren kanturako ahalmena eta istorio politak asmatzeko trebezia. Eta nik esaten nien, umeengandik ikasten ari ginela abesti eta istorio asko, baibaitzeuden Beizamatik edo Elorriotik edo Lakuntzatik etorritako ikazkinen umeak eta baita bakarren bat ere ama Azparnekoa zuena. Horrela abesti, istorio eta hitz berriak ikasten joan ginen denok eta gure euskara askoz aberatsagoa iruditu zitzaigun handik aurrera. Ikaztegietan denek euskara goxoa erabiltzen zuten, eta abesti polit eta sentikorrak abesten zituzten. Istorio ederrak kontatzen zekienik ere bazen herrian eta den-denak poz-pozik bizi ziren, inoiz haserre edo liskarren bat edo beste izaten bazen ere.
Herria hazten joan zen, ni ere bai, eta  txabola batera joan nintzen bizitzera. Izkutuan bizi naiz, baina sendabelarrenganako interesa duena edo antzinako ikazkinen istorioak jakin nahi dituena hurbiltzen da noizean behin nigana eta pozik erakusten diot nik dakidana.
Geroztik herria handitzen eta modernizatzen joan da. Orain trenak eta autoak pasatzen dira abiadura bizian herritik, ez dago ikazkinik eta jendeak lantokietan egiten du lan. Baina gure arbasoen eta ikazkin zahar haien hizkuntza zertxobait galtzen ari dela nabaritu dut. Ikusi dut baita ere kanpotik jendea etorri dela eta horietako askok euskara ikasi dutela eta saiatu direla hemengo hizkuntza eta kantak ezagutzen eta abesten. Eta horrek poz handia ematen dit bihotzean.
Baina badaukat pena txiki bat ere. Kontatuko dizuet? Egun batean, jantzi modernoak jantzi, gazte itxura hartu eta herrira jaitsi nintzen betaurreko beltzak jantzita, eta badakizue zer nabaritu nuen? Herriko parkean eta eliza inguruan Ikaztegietako ume eta heldu batzuk erderaz ari zirela jo ta ke. Eta erdera ez da hizkuntza txarra, ez baitago hizkuntza txarrik. Baina gure arbasoen eta ikazkinen hizkuntza euskara zen eta haien ondorengoek euskara ez dutela maite edota ez dutela zaintzen ikusita, pena handia hartu nuen. Badakit zuek ere euskara maite duzuela, baina erabiltzen ez bada eguneroko bizitzan, parkean, eskolan, jolasean, etxean... hil egin daiteke. Lehenbizi gaixotu eta ahuldu, eta gero hil. Eta badakit zuek ez duzuela hori nahi.
Lagunduko al diozue Ikatzne sorgin-ikazkinari aspaldiko ume haiek bezala gure hizkuntza aberasten eta kalean barra-barra erabiltzen? Kattagorriek ere ulertu egingo dizuete. Eta garai bateko ikazkinak ere pozik jarriko dira haien ondorengoak euskaraz ari direlako aspaldiko Ikaztegieta honetan.
Ni nire txabolan egongo naiz norbaitek aholkurik edo sendagairik behar badu, baina bilatu egin behar nauzue, sorginak oso gaizki ikusiak izan baikara historian zehar. Eta topatzen ez banauzue, ez larritu... nik herria zaintzen jarraituko dut, zuen osasuna, zuen ongizatea, zuen hizkuntza, zuen abestiak eta zuen barruko poza. Zaindu ezazue euskara eta izan zaitezte zoriontsu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!