Kale Kantoitik

Arrikruzko lehoia gure artean da

Erabiltzailearen aurpegia

Jakingo duzuenez Arrikruzko lehoia San Telmo museoan dago jadanik. Ez da zirkoetan ikusi izan duzuen lehoi horietakoa, lehenagokoa baizik. Duela 600.000 urtetik duela 10.000 urte inguru bitarte Europan eta Siberian bizi izan zen lehoia, leizeetako lehoia ere deitua.

Baina badirudi ez zela leizeetan bizi, lehoien hezurrak bereziki leize-zuloetan topatu badira ere. Leizeetara babes bila joango zen edo janari bila, animalia hil berriren baten usainak erakarrita. Ez dakigu zergatik baina duela 10.000 urte inguru, batzuek diote 13.000 urte, galdu egin zen eta haien hezurrak iritsi zaizkigu gugana, baina ez asko, eta ez hezurdura osoak. Horregatik da garrantzizkoa Arrikruzko lehoia, hezurdura ia osorik zegoelako, hezurren % 97a edo berreskuratu baitzen. Eta beste berezitasun bat ere badu lehoi honek: hiru saihets hezur puskatu eta konponbidean zeuzkan, kailua eginda. Beraz, istripuren bat edo atakeren bat izango zuen eta hiru saihets hezur hautsi zitzaizkion, baina sendatze prozesuan edo ia sendaturik zeukan puskatutako zauria.
Neuk Arrikruzko leize-zuolan galdu eta lehoi hori topatzeko zoria izan nuen, 1966. urtean, Jesus Manuel Marotorekin batera. Biok Arantzazun ikasle geunden eta Arrikruzko leize-zulo osoa ikusi nahi izan genuen, Tolosako Felix Ruiz de Arkautek egindako planoak erabiliz. Leize-zulo osoak zazpi kilometroko galeriak ditu eta punta batetik bestera ia hiru kilometroko luzera izango du. Bada gu bukaerako Aranzadi gela erraldoian galdu ginen, arratsaldeko seiak aldera eta ez gintuzten topatu hurrengo goizeko bost eta erdiak arte. Ia hamabi ordu, irteera asmatu ezinik, bertan geratuko ginela pentsatuz eta gaueko hamaikak aldera haluzinazioak izanez. Kamioien hotsak, arkumeenak, ardien ezkilenak entzun genituen, baina horiek denak gure buruak sortzen zituen hotsak ziren, gure izaera penatuak pentsa zezan kanpoko hotsak gertu zeudela, beraz gu ere kanpotik gertu geundela eta laster aterako ginela. Baina lur azpian hiru kilometro barrurantz joanda geunden eta han ezin zen horrelako hotsik entzuk. Bakarrik noizean behin entzuten genituen estalaktitek botatako tantoen “txip-txop” hotsak zoruan, putzutxoetan lehertzen zirenean. Dena ilunpe izugarrian eta isiltasun izugarrian, ur tanto hotsek urratzen zuten isiltasun beltzean. Baina Berastegiko Jesus Nazabal, gure ikaskidea Arantzazun, eta haren lagunak etorri ziren goizeko bost eta erdiak aldera, idi baten adarrarekin “pfffuuuu” luzea joz eta huraxe izan gure salbazioa.
Geroztik Jesus Altunarekin lehoiaren hezurdura hura ateratzeko zortea izan nuen, hiru igandeetan lan neketsua eginez. Eta Jesus Altunak lehoi haren ikerketa izugarri zehatza egin zuen alemanez eta Alemaniako Zientzia Aldizkari ospetsu batera bidali zuen. Gaur egun oraindik, leizeetako lehoien ikerketak egiten direnean Jesus Altunaren ikerketa haren erreferentzia egiten dute, oso zehatza eta profesionala baitzen lana.
Beraz etxean, San Telmon, historiaurreko lehoi haren hezurdura eta azalpenak dauzkazue eta beste hainbat felinoren burezurrak eta laginak. Ikus dezakezue baita ere Chauvet-Pont-d’Arc izeneko leizezuloan aurkitutako panel artistiko zoragarria, non ikusiko dituzuen leizeetako lehoien marrazki bikainak eta baita ere errinozeroena, oreinena eta beste bobido batzuena, Sandro Boticellik margotu zuen “El nacimiento de Venus” koadro zoragarriaren inbidiarik gabekoa, baina duela 12 edo 14 mila urte egindakoa, leize-zulo bateko horma zakarrean.
Aprobetxa dezagun, beraz, udazken eder hau San Telmora bisita bat egiteko eta gero lehoiaren etxea izan zen Arrikruzko koba handi eta harrigarria ikusteko, familiako arratsalde pasako egitarauaren barruan. Ez zarete damutuko eta etxe inguruan dauzkagun altxor ezkutu eta ederrak ezagutu eta mirestuko dituzue, batez ere zuen umeek.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!