Kale Kantoitik

Ehiztarien emazte sufrituak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko urr. 15a, 13:50

Ehiza garaia heldu da eta hor joaten dira goizean goiz ehiztariak mendira, penitentzia eginez, edota batzuk jadanik han daude denboraldi baterako mendira joanda. Eta badakizu, usoek ere trikimailuak ikasi dituzte nonbait eta saiatzen dira ehiztariak dauden postuetatik urruti samar pasatzen. Bestela beren bizia jokatzen dute.

Eta bitartean, ehiztariak kontu asko esaten ditu usoen zain dagoen bitartean. Eta kontu horietako bat ekarri nahi dizuet gaurko tertulia honetara, barre pixka bat egin dezazuen.
Ehiztariak han ari omen ziren sexu kontuetan, egun horietan sexurako ez baitute denbora askorik edukitzen eta irudimenez eta ahoa astinduz bete nahi izaten dituzte beren sexu grinak eta desioak. Besteen fanfarroikeriak entzun ondoren, Joxe deituko diogun ehiztari batek esan omen zien besteei:
—Bada, nere andrearekin jai zeukeat, nahiko hotza duk eta ez dik gogorik izaten gauza horietarako. Egiten dugunean ere ganorarik gabe edo modu hotzean egiten dik.
Egundoko komentarioak sortu ziren horren inguruan eta denen artean Joxeren andre gajoa larrutu egin zuten.
Ehiztari horiek behera jaitsi zirenean, beren etxeetan zabalduko zuten Joxeren andrea izotz puska bat zela ohean eta gizona ez zeukala batere gustura... eta antzeko gauzak.
Eta egun batean, Joxeren andrea pelukerian zela, emakumeren batek han bota omen zion denen aurrean, ohean nahiko hotza zela eta espabilatzeko, bestela gizona galduko zuela...
Joxeren emaztea, Maria deituko diogu, aurpegia lotsaz gorrituta eta bihotza suminduta atera zen ileapaindegitik eta hura ez zela horrela geratuko zin egin zion bere buruari. Farmaziara joan zen eta “Tigrearen baltsamo gorria” erosi zuen, hari argizari pixka bat, oliba olioa, jenjibre hautsa, pipermin pixka bat, ehotako kaiena erantsi zizkion eta usain gozoa eduki zezan nivea pixka bat gehitu zion eta lurrin suabe batzuk. Krema gorrizta leuna atera zitzaion osagai horiek guztiak nahastu ondoren.
Eta mendekuaren unea noiz iritsiko zain geratu zen. Gauean, gizona nekatu samarra zegoela esanez hasi zitzaion, baina andreak larrutarako gogo bizia azaldu zion. Gizona harritu egin zen, grina hori arraroa baitzen bere emaztearengan, baina aukera aprobetxatu egin beharko zuela pentsatu zuen.
Lanean hasi ziren eta emaztea bestetan baino sutsuago agertu zitzaion gizonari behe-alde horiek inoiz baino garbo handiagoarekin astinduz. Hura konturatzerako suzko krema harekin igurtzi zizkion gizonari azpiak eta hari iruditu zitzaion zazpigarren zerura iristen ari zela. Berotasun pixka bat nabaritzen zuen, baina langintza sutsu haren eragina izango zela pentsatu zuen. Konturatzerako, gizonak zeruko izarrak eta galaxia guztiak ikusi zituen. Hura zen berotasuna bere andreak azaldu zuena.
Lotarako prestatu zen, etxeko lanak hain ondo egin ondoren, baina behealdea sutan sentitzen zuen. Konturatu zen bere parte nobleak (modu elegantean hitz egindakoan deitzen dieten bezala) erretzen zeuzkala. Hura ez zela parte onekoa. Eta emazteari galdetu zion:
—Zer, arraio, eman didazu behe alde horretan?
—Ni hotza ez naizela konturatzeko berotu dizkizut azpialde horiek. Zer ibili zara ehiztarien artean esaten ni hotza naizela eta denen aurrean barregarri uzten... Orain badakizu berotzen ere badakidala eta hemendik aurrera kontuz zer esaten duzun...
Gizona komunera joan zen burumakur ur hotzarekin eta xaboiarekin garbitzera eta krema bero haren ondorioak ezabatzera.
Bitartean, emazteak irribarre maltzur bat zeukan ezpainetan, platera hotzean zerbitzatutako mendekuak zapore hobea duela frogatu baitzuen bere etxean. Eta gizonak lekzioa ederki ikasiko zuela pentsatu nahi dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!