Larunbatean jokatuko dira Aiztondoko XIX. Pilota Topaketako finalak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lizaso 2016ko api. 26a, 12:49

16:00etatik aurrera jokatuko dira finalak Alkizako pilotalekuan, sei partida guztira. 

Sei final hauetako protagonistak honako hauek izango dira:

Aurrebenjaminetan eskuz binaka Amasa-Villabonako bi bikoteren artean jokatuko da txapela. Oñate-Sarasola bikoteak Arrieta-Unanueren aurka jokatuko du.

Benjaminetan eskuz binaka, berriz, txapela Adunara joango da, bi bikote finalistak herri berekoak direlako ere. Alde batetik Aristeta-Zabalak jokatuko dute, eta beraien aurka Iparragirre-Cestau ariko dira.

Alebinetan eskuz binaka, aurreko bi finalen bitxikeria berak jarraituko du. Bi finalistak herri berekoak izango dira. Hauek berriz Asteasukoak. Agirre eta Huitzik, Lanzeta eta Tapiaren aurka jokatuko dute.

Eskuzko azken eta laugarren finalean infantil mailakoek jokatuko dute. Bikote nahastuak suertatu dira finalean. Alkizako Sorarrain eta Zizurkilgo Perurenak, Alkizako Gorostidi eta Ugartemendiaren aurka jokatuko dute.

Bosgarren eta seigarren finaletan neskak palaz ariko dira. Alebinetan, Adunako Irati Tejeria eta Leire Zubeldiak Asteasuko Jone Arrieta eta Iraia Leon izango dituzte aurkari, eta infantiletan Villabonako Maddi Urdanpilletak eta Asteasuko Libe Elizegik Larraulgo Uxue Aranburu eta Asteasuko Helene Usabiagaren aurka jokatuko dute.

Sarrera doakoa izango da eta pilotazale guztiak gonbidatuta daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!